Gizartea -
IRUZURRA
WhatsApp bahitzeko azken saiakerak covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosiarekin lotura dauka
Gizarte Segurantzaren identitatea ordezkatzen duten testu-mezuak bidali direla ohartarazi dute. Horietan, ustez covid-19aren txertoarekin lotutako egiaztapen-kode bat eskatzen da, baina WhatsAppek saioa beste gailu batetik hasi ahal izateko bidaltzen duen egiaztapen-kodea besterik ez da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Internautaren Segurtasunerako Bulegoak WhatsAppeko kontuak bahitu dituztela ohartarazi du, covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosiarekin lotutako ustezko kanpaina bat egiten ari delako aitzakiarekin.
Espainiako Zibersegurtasuneko Institutu Nazionalaren mendeko erakundeak jakitera eman duenez, azken egunotan Gizarte Segurantzaren identitatea ordezten duten erabiltzaileei egindako deiak atzeman dituzte. Horietan, beren gailu mugikorretan SMS bidez jaso duten kode bat eskatzen zaie.
Deian adierazten zaio erabiltzaileari egiaztapen-kode bat jaso duela covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia jasotzeko, baina WhatsAppek bidaltzen duen egiaztapen-kodea baino ez da, beste gailu batetik saioa hasi ahal izateko.
Iruzur horren biktima izan bazara eta WhatsAppeko kontua lapurtu badizute, hau da, SMS bidez jasotako egiaztapen-kodea eman baduzu, eta, ondoren, zure konturako sarbidea galdu baduzu, WhatsAppeko administratzaileekin harremanetan jartzen saiatzea gomendatzen du Internautaren Segurtasunerako Bulegoak, kontuaren kontrola berreskuratzen saiatzeko. Egun batzuk iraun dezakeen prozesua bada ere, konponbiderik onena dela gaineratu dute.
Batzuetan, zibergaizkileek lapurtutako kontu horiek erabiltzen dituzte zure kontaktuekin hitz egiten saiatzeko eta WhatsAppeko kontua teknika berarekin lapurtzeko. Hori dela eta, garrantzitsua da biktima izan bazara, zure kontaktuei beste bide batetik jakinaraztea gertatutakoa (telefono-deia, mezu elektronikoa, sare soziala, SMS mezua, eta abar), horrela jakin dezaten ez zarela zu, ezta idazten ari zarena ere, eta ez dezatela egiaztapen-kodea eman.
Engainua saihesteko neurriak
Internautaren Segurtasunerako Bulegoak gomendatzen du inoiz ez partekatzea egiaztapen-kodea. "Norbaitek eskatzen badizu, ez fidatu. Kontrastatu informazioa erakunde ofizialekin edo deitu zuzenean zure osasun-zentrora galdetzeko", diote webgunean.
Aktibatu egiaztapena bi urratsetan
WhatsAppek segurtasun-geruza gehigarri bat gehitzeko aukera ematen duen funtzio bat du, hirugarrenek zure kontua konfigura ez dezaten, zure egiaztapen-kodea izanda ere. Kode gehigarri bat da, zuk bakarrik ezagutzen duzuna eta inola ere inorekin partekatu beharko ez zenukeena. Kode hori hainbat egoeratan aplikatzeko eskatzen da, besteak beste, gailu berri baten aplikazioaren konfigurazioan.