Gizartea -
Atxikipen kanpaina
Udalek Migraziorako Itun Sozialarekin bat egin ahalko dute "demagogia populistari aurre egiteko"
Jaurlaritzak atxikipen kanpaina abiatu du tokian tokiko erakundeak itunera batzeko. Pertsona migratzaileei prebentziozko arreta humanitarioa eskaintzeko hautua bultzatu nahi dute.
Eider Garaikoetxea O. | EiTB Media
Gaurtik abenduaren 18ra arte (Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Eguna), Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) udalek Migraziorako Euskadiko Itun Sozialera biltzeko aukera izango dute, "Euskadin demagogia populistari aurre egiteko diskurtso partekatua eta batasuneko irudia finkatzeko", Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asiloko zuzendariak nabarmendu duenez.
Legarretak berak sinatu duen gutun bat bidali zaie Euskadiko alkate guztiei, eta, horren bidez, udalak Migraziorako Euskadiko Itun Sozialari atxikitzeko gonbita egiten die. Dokumentua dagokion udalaren osoko bilkuran aurkeztu eta onartzeko proposatu die. Kanpainak Eudelen laguntza izango du.
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren hitzetan, "pertsona migratzaileek Euskadin beren bizi proiektuak gauzatu ahal izatea nahi dugu". Izan ere, gogorarazi duenez, "milaka euskal herritarrek ere babesa eskatu behar izan zuten beste nazio batzuetan, 1936ko Gerra Zibilaren ondoren, eta Euskadik, gaur egun, asilorako eta harrerarako lurralde solidarioa izan nahi du".
Migraziorako Euskadiko Itun Sozialak "aniztasuna, elkartasuna eta beharrizana" ditu abiapuntu, migratzaileen prebentziozko arreta humanitarioan konpromisoa hartzeko, nagusiki kalteberatasun-egoeran daudenen kasuan, besteak beste bakarrik dauden emakumeen edo ardurapean adingabeak dituztenen eta indarkeriaren biktima direnen kasuan.