Gizartea -
Bizkaiko adinekoen egoitzak
Murillok dio Aldundia ez dela duda-mudatan ibiliko egoitzetan neurri gogorrak hartzeko
Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatuak Batzar Nagusietan hitz egin du gaur Aita y Ama erresidentziaren itxierari buruz eta ziurtatu duenez, "itxi behar badira, itxiko dira", egoiliarrak direlako "lehentasuna".
O.P. | Eitb Media
Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatuak adierazi du berak zuzentzen duen saila ez dela "duda-mudatan ibiliko" adinekoen egoitzetan neurri zorrotzagoak hartzeko, haiek ixtea barne, arau hausteak frogatzen diren kasuetan; izan ere, esan duenez, "egoiliarrak dira lehentasun".
"Itxi behar badira, itxiko dira", esan du Batzar Nagusietako Gizarte Ekintza Batzordean egindako agerraldian, bere sailak adinekoentzako zentroetan egindako ikuskapenei buruz galdetu diotenean, eta, zehazki, Barakaldoko Aita eta Ama (Ignacio Loyola Egoitza) itunpeko egoitza pribatuaren itxierari buruz galdetu diotenean. Joan den asteartean itxi zuten, behin behinean, egoitza hori.
EH Bilduk hala eskatuta eman dituen azalpenen arabera, egoitza hori ixtea erabaki zen ikuskariek "arau hausteak" ikusi zituztelako, hala nola egoiliarrak mediku-agindurik gabe eta familiari esan gabe lotuta edukitzea, beharrezko titulaziorik ez zuten pertsonak kontratatzea eta egoitzan ekintza programaziorik ez egotea.
Ikuskapenak adineko pertsonentzako "bermea" direla azpimarratu ondotik, Murillok zehaztu du joan den uztailaren 30aean kexu bat jaso zuela Aldundiak aipatu zentroan ez zirelako gizarte-zerbitzu jakin batzuek egoki eskaintzen, eta Aldundiak espedientea zabaldu zuen orduan, adinekoen egoitzako kudeatzaileei informazioa eskatzearekin batera.
Haien partetik erantzun "orokorrak" baino jasotzen ez zituztela ikusirik, irailaren 12an ikuskapen bat agindu zen, irailaren 14 egin zena. Egun horretan ikuskariek "akatsak" ikusi zituzten eta dokumentazioa eskatu zieten arduradunei. Urriaren 8an beste ikuskapen bat egin zen eta "arau-hausteak" ikusi ziren orduan; egoiliarren senideei horien berri eman zitzaien orduan, Murillok azaldu duenez.
Urriaren 8tik, Aldundiak egindako eskaerei "erantzunik ematen ez zietela eta", egunero egin ziren ikuskapenak, harik eta urriaren 12an egoitza horren lizentzia behin behinean etetea erabaki zen arte. Murillok esan duenez, gaur bertan ikuskapen berri bat egin da egoitza itxita dagoela egiaztatzeko.
Gizarte Ekintzako buruak bere sailaren ikuskapen zerbitzuaren lana defendatu du, eta nabarmendu, urteko lehen bederatzi hilabetetan 152 ikuskapen ofizial egin direla Bizkaiko adinekoen egoitzetan; horietatik 69 agindu bidez, beste bost salaketa baten ostean, eta 78 ofizioz.
Kopuru hori 2018an edo 2019an urte osoan egindako ikuskapenen parekoa da, beraz, uste da, urtearen amaierarako, pandemia-aurreko urteetan egin direnak baino % 20 ikuskapen gehiago egingo direla urtea amaitzerako. Murillok ziurtatu du, datozen urteetan ikuskapen kopuruaren joera goranzkoa izango dela.
Oposiziotik, Izaskun Duquek (EH Bildu) azpimarratu du langileek esaten dietenez, "aurrez abisatuta" egiten direla ikuskapenak; ukatu egin du hori Murillok. Bestetik, Elkarrekin Bizkaiako Hector Fernandez Medranok uste du "ez dela nahikoa egiten ari", eta Eduardo Andrade (PP) ados agertu da Aita eta Ama egoitzaren itxierarekin.
Gobernu taldeko ordezkariek, EAJ eta PSE-EEkoak, euren babesa agertu diote diputatuari, eta nabarmendu dute frogatu dela ikuskapenek "funtzionatzen" dutela.