Gizartea -
BIZKAIA
Gazte bat atxilotu dute Leioako campusean tiroka aritzeagatik
21 urteko mutilak Zientzia eta Teknologia Fakultateko eraikinaren kontra egin du tiro. Ez da inor zauritu, baina kalte materialak izan dira. Erasotzailea EHUko ikaslea da.
EITB Media
Ertzaintzak 21 urteko mutil bat atxilotu du EHUko Leioako campusean eskopeta batekin tiroka sartu ostean. Ez du inor zauritu, baina kalte materialak izan dira. Erasotzailea unibertsitateko ikaslea da.
Lekukoek Radio Euskadin azaldu dutenez, Zientzia eta Teknologia Fakultatearen kontra hainbat tiro egin ditu, eta bidean topatu dituen ikasleei adierazi die ez zuela inor mintzeko asmorik, Fakultatearen kontrako erasoa zela.
Fernando Plazaola Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoak jakinarazi du kalteak zenbatzen ari direla eta gutxienez 40 bat bala-zulo ikusi dituztela. "Tiro ugari bota ditu Fakultatearen toki ezberdinetan, barrutik", adierazi du Radio Euskadin.
Halaber, Ertzaintzak atxilotu eta gero, tarte labur batez gaztearekin hitz egiteko aukera izan duela kontatu du. Mutila "lasai" ikusi du eta EHUko ikaslea dela esan dio. Handik gutxira jakinarazi du Ertzaintzak fakultate horretako ikaslea dela.
Dekanoak erantsi du eraikineko hormen, leihoen eta beirateen kontra aritu dela tiroka.
EHUk ohar bidez baieztatu duenez, ez da biktimarik izan, eta kalteak izan dira eraikinaren fatxadan nahiz barrualdean. Ertzaintzak 19:30ean atxilotu du erasotzailea, campuseko Arboretum inguruan. Eskopeta handik hurbil topatu dute.
Gertakariak 19:00ak jo baino pixka bat lehenago jazo dira. Alarmak jo duenean, ikasleak, irakasleak eta langileak ebakuatu egin dituzte. Ertzaintzak polizia-operazio zabala jarri du martxan, eta unibertsitatea inguratu dute.
Erasotzailea atxilotuta, Segurtasun Sailak lasaitasunerako deia egin du, jada arriskurik ez dagoela ziurtatuta.
Oraingoz ez dute argitu zergatik egin duen erasoa. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da, eta polizia-izapideak amaitutakoan eramango dute epailearen aurrera. Arma batekin mehatxu egitea eta kalteak egitea leporatu diote.