Gizartea -
Koronabirusa
21 kasuko intzidentzia, egonkortasunak jarraitzen du Nafarroan
Urriaren 4tik 10erako astean 136 positibo baieztatu dituzte Foru Erkidegoan. Astearte honetan 13 kasu zenbatu dituzte, eta pertsona bakarra ospitaleratu behar izan dute.
Agentziak | EITB Media
Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak zabaldutako azken txostenak aurreko asteetako joera baieztatu du. Covid-19aren intzidentziak maila baxuetan jarraitzen du.
Urriaren 4tik 10erako astean 100.000 biztanleko 21 kasuko intzidentzia izan da. PCR eta antigeno probek 136 positibo baieztatu dituzte Foru Erkidegoan, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
Iragan astearekin alderatuta (irailaren 27tik urriaren 3ra), kasuen % 15eko beherakada izan da, baina txostenak "esanguratsua ez" dela uste du. Orduen probek 162 positibo antzeman zituzten (100.000 biztanleko 25 kasu); % 14ko gorakada txiki bat aurreko astearekin konparatuta (irailaren 20tik 26ra), orduan 143 kasu zenbatu baitzituzten (100.000 biztanleko 22 positibo).
2020ko irailaren 17tik, beste astebetez, proba diagnostiko gehien egin dituen erkidegoa izan da Nafarroa: mila biztanleko 1.880,29 proba, Osasun Ministerioaren arabera. Espainiako batez bestekoa mila biztanleko 1.273,93 proba da.
Nahiz eta intzidentzia "maila baxuetan egonkor" mantendu, koronabirusaren zirkulazioa oraindik ez dela eten gogorarazi dute, eta herritarrei prebentzio neurriak mantentzea eskatu diete.
13 positibo eta ospitaleratze bakarra
Astearte honetan 13 positibo zenbatu dituzte, eta pertsona bakarra ospitaleratu behar izan dute.
Astelehenean 33 kasu antzeman zituzten. Gaur, aldiz, 730 proba egin ondoren, 13 besterik ez dituzte baieztatu, % 1,8ko positibotasun tasa.
Sarriguren, Lesaka eta Iruñeko San Jorge eta Arrotxapea auzoetan positibo gehien baieztatu dituzte.
Nafarroan 21 paziente ospitalean daude koronabirusaren ondorioz, horietako lau ZIUn.
Txertaketari dagokionez, 454 dosi eman ondoren, guztira, dagoeneko 990.389 banatu dituzte Foru Erkidegoan, eta 520.769 pertsonak txertaketa bukatu dute.