Gizartea -

Euskara

Elhuyarren zientzia dibulgazioa, euskaratik mundu zabalera

Elhuyarrek garatutako Elia itzultzaile automatikoari esker, euskaraz gain, beste bost hizkuntzatan ere irakur daitezke Zientzia.eus eta aldizkaria.elhuyar.eus webguneetako edukiak. Beste hizkuntzetako hiztunengana iristeko "funtzionalitate estrategikoa" izan da eta emaitzak bistakoak dira jada.

Zientzia.eus atariko artikulu bat katalanez.
Zientzia.eus atariko artikulu bat katalanez.
Zientzia.eus atariko artikulu bat katalanez.

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elhuyarren garatutako teknologiei esker euskarazko bi hedabide zientzia.eus eta aldizkaria.elhuyar.eus beste hizkuntza batzuetan irakur daitezke dagoeneko. Hedabide horietako erabiltzaileek euskaraz gain, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez eta galegoz ere irakurri ahal izango dituzte edukiak, hori guztia Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoari esker

Aipatutako bi webgune horiek, zientzia.eus eta aldizkaria.elhuyar.eus, zientzia-dibulgazioan puntako edukiak sortzen dituzten bi hedabide euskaldun dira. Webgune horietan, Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoa txertatu da, besteak beste.

Hala, zientzia.eus webguneko hasiera-orrian bertan ikus daiteke edukia beste hizkuntzatan irakurtzeko aukera. Artikulu bakoitzean klik eginda ere, artikulua beste hizkuntzatara itzultzeko aukera ageri da, eskuineko aldean. Azaldu dutenez, "artikulua automatikoki itzulitakoa bada, erabiltzaileak ohar baten bidez jakingo du, eta beti izango du aukera jatorrizko euskarazko bertsiora joateko". 

Hizkuntza aukeratu daiteke artikulu bakoitzean

Elhuyar aldizkarian, bestelakoa da bidea; artikuluaren barruan sartu beharra dago edukia beste hizkuntzetan irakurri ahal izateko. Horretarako, goiko menuan agertzen den itzulpen automatikoa aukeratu behar da.

Elhuyar Fundaziotik adierazi dutenez, "funtzionalitate hori estrategikoa da euskara eta euskarazko edukiak bultzatzeko, beste hizkuntzetako hiztunei gure edukiak irakurtzeko aukera ematen baitie". Azaldu dutenez, hedabide hauetan Elia txertatu zenetik bisita gehiago jasotzen dira atzerritik. "Zientzia.eus-en, esaterako, erabiltzaile-kopurua % 126 hazi da iazko lehen seihilekoarekin alderatuz; Espainiako erabiltzaileen kopurua bikoiztu egin da, Frantziakoena laukoiztu, Estatu Batuetakoa bikoiztu… Elhuyar aldizkarian, berriz, % 70 igo da erabiltzaileen kopurua, eta webgune hori gehien erabiltzen duten herrialdeak Espainia, Erresuma Batua, Ameriketako Estatu Batuak eta Pakistan dira, hurrenez hurren".

Teknologia ugari txertatuta

Hala ere, Elia ez da, webgune horietan integratuta dagoen Elhuyarreko teknologia bakarra. Gogorarazi dute webguneotako irakurleek aspalditik dutela aukera edukia irakurri beharrean, entzuteko; "testua ahots bihurtzeko ahots-sintesiko sistemak erabiltzen dira horretarako". Hala, erabiltzaileak zenbait aukera ditu: eduki osoa modu jarraituan entzun, zati batzuk bakarrik entzun, bolumena egokitu, ahotsaren generoa aldatu edota audioaren abiadura egokitu. Ahots-sintesiko sistemak beti markatuko du irakurtzen ari den esaldia, itzal urdinez.

Gaineratu dutenez, testu areagotuak eta analitiken atala gehitu dira zientzia.eus webgunean. Hala, testu areagotuen bidez, erabiltzaileak aukera izango du "artikuluetako kontzeptu, ikertzaile eta erakundeen berri jasotzeko Wikidatako informazio gehigarriarekin"-

Analitiketan, berriz, edukiei buruzko informazioa eskainiko da hainbat grafikotan. "Zazpi izango dira grafikoak, hain zuzen ere, eta zenbakitan emango dute albisteetan gehien agertzen diren ikertzaile emakumezkoen eta gizonezkoen zerrenda, haien lanbideak, agertzen diren ikertzaile emakumezkoen artean zenbat diren Euskal Herrikoak eta zenbat kanpokoak, eta abar", zehaztu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Zientzia albisteak Zientziaren hedapena Interneteko berritasunak