Gizartea -
LA PALMAKO SUMENDIA
Hiru laba-fluxuetatik laba isurtzen jarraitzen du Cumbre Viejako sumendiak
Azken neurketen arabera, labak 656 hektarea eta 1.458 eraikin harrapatu ditu. Halaber, 20 lurrikaratik gora zenbatu dituzte azken orduetan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Erupzioan sartu eta 24 egunera, Cumbre Vieja parke naturaleko sumendiak (La Palma) laba jariatzen segitzen du oraindik. Hasierako laba-kolada edo laba-fluxua bat eta bakarra zen eta orain hiru dira. Labak bere bidea egiten jarraitzen du, eta dagoeneko 656 hektarea eta 1.458 eraikin harrapatu ditu, Copernicus sateliteak egindako azken neurketaren arabera. Gainera, azken orduetan, 20 lurrikara baino gehiago zenbatu dira inguru horretan, handiena Richter eskalan 3,9 gradukoa, 37 kilometroko sakoneran.
Espainiako Gobernuko Segurtasun Nazionaleko Departamentuak zabaldutako azken txostenaren arabera, laba-fluxua aldatzen ari da, joan den larunbatean kono nagusia partzialki erori zenetik. Iparraldeko laba-koladaz gain, beste mihi batzuk ere badaude orain: jatorrizkoa, ia labarik ez duena; eta hegoalderago dagoen beste bat, segurtasun perimetroaren baitan hainbat eraikin harrapatu dituena.
Uharteko agintaritzak (La Palmako Kabildoa) baimena eman die segurtasun perimetrotik kanpo ondasunak dituzten eta etxetik irtenarazi zituzten herritarrei arropa eta beharrezko dituzten gauzak jasotzeko. Horrez gain, inguruko nekazariek beren lurrak ureztatu edota fruta jaso ahal izango dute. Segurtasun langileak lagun dituztela sartu ahalko dira perimetro horretan.
IGN Espainiako Geografia Institutu Nazionalak 20 lurrikara baino gehiago hauteman ditu azken orduetan Cumbre Viejako sumendiaren inguruan. Handiena, 3,9 gradukoa eta epizentroa 37 kilometroko sakoneran izan duena, 03:22an gertatu da. Azken astindua, berriz, 3,1 gradukoa eta epizentroa 12 kilometroko sakoneran izan duena, 07:07an erregistratu dute.
Bestalde, La Palmako aireportua zabalik dago gaur, baina sei hegaldi gutxienez bertan behera utzi behar izan dituzte.