Gizartea -

Koronabirusa

Ikastolen Elkarteak ikastetxeetako espazio irekietan musukoa derrigorrezkoa ez izatea eskatu die agintariei

Elkarteak deitoratu du gizartean arindu diren neurriek ez dutela islarik izan ikastetxeetan. Eragin emozional eta akademikoei erreparatuta, uste dutenez "orain arteko neurriei eusteak ekidin nahi diren kalteak baino albo-kalte gehiago eragin ditzake.

Ikasle talde bat musukoarekin eskola atarian. EiTBren bideo batetik ateratako irudia.
Ikasle talde bat musukoarekin eskola atarian.
Ikasle talde bat musukoarekin eskola atarian. EiTBren bideo batetik ateratako irudia.

O. P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak Eusko Jaurlaritzari eta Foru Gobernuari galdegin diete indargabetu dezatela Lehen Hezkuntzako ikasleak ikasteetako aire zabaleko espazioetan musukoa erabiltzera derrigortzen dituen araua.

Ohar batean azaldu dute aurreko ikasturtean Lehen Hezkuntzan covid-19ari aurre egiteko hartu diren neurriak "oso gogorrak" izan direla, baina "ezinbestekoak"; izan ere, "osasuna eta elkar zaintzea" izan dira lehentasuna. 

Azpimarratu dutenez, gaur egun, koronabirusaren eraginak "nabarmen egin du behera, eta, horri esker, orain arteko neurri gogorrak malgutu ahal izan dira, eta arnasa lasai edo lasaiago hartzen hasi gara". Hala ere, kritikatu dutenez, gizartearentzat neurriak malgutu badira ere, neurrien malgutze horrek "ez du islarik izan hezkuntzaren arloan"

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak argitaratu dituzten azken dekretuetan "neurri batzuk malgutu dituzten arren, Lehen Hezkuntzako ikasleak jolastokiko garaian ere musukoa erabiltzera derrigortzen dituen arauari eutsi egin diote", eta horrek "kezka handia" sortu die.

"Pandemiak ingurune hurbilean (familian, lagun artean) izan duen eragin zuzenak eta ikastetxeetan ezarririko protokolo zorrotzak ikasleengan izan dituzten ondorioak nabarmenak izan dira", Ikastolen Elkartearen arabera, "alderdi emozionalean nahiz akademikoan". 

Elkartetik ez diote zentzurik ikusten "haurrak kanpo espazioan dabiltzanean musukoaren erabilera derrigortzeari, are gutxiago, helduok maskararik erabili beharrik gabeko gero eta gune gehiago irabazten ari garenean". Kezka handia sortu die neurriak, "bereziki umeen alderdi emozionalari begira", bi arrazoi nagusirengatik: "aire librean daudela musukoa erabiltzera derrigortzen duten kolektibo bakarra" delako eta "musukoa erabiltzera derrigortuta dauden aire libreko eremu bakarra eskolakoa" delako. 

Horien ustez, txertorik jarri ez zaien kolektibo bakarra izateak "ez du justifikatzen neurri horri eustea, gainerako guneetan ez badute derrigorrezkoa musukoa erabiltzea".

Aitzitik, "haurraren izate osoa kontuan hartuta (besteak beste, bere garapen emozionala, soziala zein ikasteko ibilbidea), orain arteko neurriei eusteak ekidin nahi diren kalteak baino albo-kalte gehiago eragin ditzake", horien iritzian.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diete "gizartean eta eskolan bertan gainerako kolektiboei ezarririko irizpide berak erabiltzeko Lehen Hezkuntzako haurren kasuan ere, eta ikastetxeetako aire libreko guneetan musukoa erabiltzeko derrigortasuna bertan behera uzteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Eusko Jaurlaritza EAE albisteak Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Hezkuntza Osasun albisteak Umeak Koronabirusa LABI Maskarak