Gizartea -
LA PALMAKO SUMENDIA
Los Llanos de Aridaneko 800 bizilagun ebakuatuko dituzte laba koladaren norabidea dela eta
La Lagunako zenbait gune husteko agindua eman du Pevolcako zuzendaritzak, ipar-mendebaldeko laba koladaren norabidea dela eta.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
La Lagunako (Los Llanos de Aridane udalerria) zenbait gune husteko agindua eman du Pevolcako zuzendaritzak, ipar-mendebaldeko laba koladaren norabidea dela eta.
Miguel Angel Morcuende Pevolcako zuzendari teknikoak azaldu duenez, ipar-mendebaldean dagoen laba koladak Callejo de la Gata industrialdea diagonaletik gurutzatu du, eta abiadura motelean aurrera doa, orain arte ebakuatu ez dituzten herrigunetara bidean. Hala ere, bizilagun batzuek badaezpada aldez aurretik etxeak utzi zituzten jadanik.
Irailaren 19az geroztik Cumbre Viejako sumendia (La Palma) bizi-bizi dago. Azken orduetan, hala ere, 3.000 pertsonari etxetik irtetea debekatzen zien konfinamendua amaitzea erabaki dute Kanarietako agintariek goizean, airearen kalitateak hobera egin ostean.
Konfinamendua atzo, astelehena, sartu zen indarrean eta El Paso eta Los Llanos de Aridane udalerriei eragin die. Hain zuzen ere, laba ibaia industria-nabe batzuetara heldu zenean gas toxikoak askatu ziren eta horregatik erabaki zuten konfinamendua ezartzea.
Larunbatean kono nagusia partzialki erori zenetik, sumendiaren aktibitatea hazi egin da. Azken neurketen arabera, labak dagoeneko 595 hektareako azalera hartu du. Gaur gaurkoz, kolada aktiboena iparralderago dagoena da eta haren adar bat itsasora bidean da (300 metro). Dena dela, agintariek ez dute espero laba isurketa berriek lurrazalean egiten ari diren ibilbidea aldatzea.
Involcan Kanarietako Bolkanologia Institutuak, bere aldetik, Tajogaite izena proposatu du Cumbre Viejako sumendiarentzat. Dena dela, Involcanek bere sare sozialetan azaldu duenez, du azken hitza Palmako herritarrei dagokie.
IGN Espainiako Geografia Institutu Nazionalak 20 lurrikara baino gehiago erregistratu ditu azken orduetan Cumbre Viejako sumendiaren inguruan. Astindu handiena 4,1ekoa izan da eta 37 kilometroko sakoneran gertatu da.
Bestalde, La Palmako aireportua zabalik dago gaur, baina zenbait hegaldi bertan behera utzi eta beste hainbat atzeratu egin dituzte.