Gizartea -

GENERO INDARKERIA

Gizon batek emaztea hil du Gasteizen

37 urteko emakumea 13 eta 17 urteko bi mutikoren ama zen. 42 urteko gizonak bere buruaz beste egin du bikotekidea hil ondoren. Gasteizko Udalak eta Emakundek elkarretaratzea deitu du asteazken eguerdirako Plaza Berrian.

Hilketa matxista gertatu den Sansomendi auzoko etxebizitzaren kanpoaldea. Argazkia: EFE
Hilketa matxista gertatu den Sansomendi auzoko etxebizitzaren kanpoaldea
Emakumearen hilketa seme adingabe biak etxean zeudela gertatu da Gasteizko Sansomendi auzoan

1:23

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

42 urteko gizon batek 37 urteko Erika T. hil du Gasteizen, eta, ondoren, bere buruaz beste egin du, Efe agentziak kasuaren gertuko iturriak aipatuz zabaldu duen informazioaren arabera. 

Hilketa 07:20 aldera gertatu da, Sansomendi auzoko etxebizitza batean. Zehazki, etxebizitza Antonio Machado kalean dago. Bikotearen 13 eta 17 urteko semeak etxe barruan zeuden.

Adingabeetako batek aurkitu ditu gorpuak, eta Larrialdi Zerbitzura deitu du. Ertzaintzako agenteak etxebizitzara joan dira, eta emakumea lepoa moztuta zegoela egiaztatu dute. Gizona oraindik bizirik zegoen eta suspertzen saiatu badira ere, tokian bertan hil da.

Gorka Urtaran Gasteizko alkatea oso atsekabetuta agertu da Sansomendin gertatutako hilketa matxistarekin. Twitter sare sozialean idatzi duen mezuan, bere elkartasuna eta babesa eskaini die krimen matxista honen biktima guztiei: "Irmotasunez gaitzesten dut emakumeak hiltzen dituen eta umeen eta hurbileko beste senide eta lagunen bizitza suntsitzen duen indarkeria matxistako gertaera hau".

Gasteizko Udaleko iturriek aurreratu dutenez, Bozeramaileen Batzordea egingo dute bihar, asteazkena, gertatutakoa gaitzesteko eta gaitzesteko elkarretaratzea deitzeko. Gasteizko Udalak eta Emakundek kontzentrazioa deitu dute asteazken honetarako, 12:00etan, Plaza Berrian.

Hilketa "irmo" gaitzetsi eta herritarrak mobilizatzera deitu ditu Emakundek. Ohar batean, Emakundek biktimaren familiari babesa adierazi dio, bereziki haren semeei.

Emakunderen ahotan, emakumeen aurkako indarkeria "gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunaren adierazpenik basatiena da, eta menpekotasun eta desberdintasun harremanetan ditu oinarriak".

Emakumeen aurkako indarkeria "onartezina" dela uste du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Euskadik "gaur egun beltza" bizi izan duela erantsi du.

Deitoratu duenez, "emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpenik anker eta krudelenaren hiru biktima berri dira".

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak Gasteizko "hilketa matxista lazgarria" gaitzetsi du, eta indarkeria matxista "arazo nagusietako bat" dela onartzeko eskatu dio gizarteari. Gobernuaren ordezkariak Twitter sare sozialean salatu duenez, genero indarkeria desagerrarazten ez den bitartean gizartea ez da "erabat osasuntsua eta bidezkoa" izango.

Irene Montero Berdintasun ministroak indarkeria matxistaren aurkako irmotasuna eskatu du. Sare sozialetan erantsi duenez: "indarkeria matxistaren negazionismoa ez dugu onartu behar, elkarrekin lan egin dezagun, esparru guztietatik, bat gutxiago ez izateko".

Bost hilketa matxista Euskal Herrian 2021ean

2021eko 10 hilabeteotan, bost emakume hil dituzte beste hainbeste gizon matxistek Euskal Herrian. Aintzane Pujana donostiarra izan zen lehen biktima, urte hasieran, Aizarnazabalen (Gipuzkoa). Bikote batek hil zuen, eta gerora jakin zenez, prostituitzera behartzen zuten emakumea. Otsailean, Conchi G. hil zuen senarrak Sestaon (Bizkaia). Apirilean, 77 urteko gizonezko batek 75 urteko emakume bat hil zuen Biarritzen (Lapurdi). Gaur arte Euskal Herrian izandako azken hilketa matxista Murchanten gertatu zen uztailean. Gizon batek koinatua hil zuen seme-alaben aurrean, eta ihes egin zuen. Handik egun batera atxilotu zuten Donostian.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala albisteak Tratu txarrak gaur Gorka Urtaran albisteak Indarkeria matxistaren biktimak Denis Itxasori buruzko albisteak Eguneko albisteak Herriak eta Hiriak Araba Gizartea Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Delituak Gasteiz Albisteak Matxismoa Krimenak azken ordukoa