Gizartea -
IPAR EUSKAL HERRIA
Hiru pertsona migratzaile hil dira Ziburun trenak harrapatuta, eta laugarren bat larri zauritu da
Itxura guztien arabera, trenbide bazterrean lotan ari ziren. Larri zauritu den pertsona Baionako ospitalera eraman dute. Ezbeharraren ondorioz, tren zerbitzua eten behar izan dute.
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Goizeko lehen orduan hiru migratzaile hil dira Ziburun (Lapurdi), trenak harrapatuta, eta laugarren bat larri zauritu da. Hildakoak migratzaileak direla baieztatu dio Eneko Aldana Ziburuko auzapezak Euskadi Irratiari. Hiru hildakoak tokian bertan zendu dira eta laugarren pertsona bat larri eraman dute Baionako ospitalera.
Tren istripua 05:30 aldera gertatu da Ziburun, Donibane Lohizuneko geltokitik gertu.
Antza denez, trenbide ondoan lotan ari ziren eguneko aldirietako lehendabiziko trenak harrapatu dituenean. Lehen hipotesien arabera, Hendaiatik irten ziren oinez eta Baionara bidean zihoazela atseden hartzera gelditu ziren, trenbide bazterrean.
Radio Euskadiri egindako adierazpenetan Ziburuko alkateak azaldu duenez, oso ohikoa da migratzaileak trenbide bazterrean ikustea. Gaineratu duenez, Poliziaren presioa tarteko bide nagusiak albo batera utzi eta trenbideak edo zeharkako bideak baliatzen dituzte. Ezbeharraren ondorioz, tren zerbitzua eten dute. Polizia Judizialak ikerketa abiatu du gertaturikoa argitzeko.
Tragediaren berri izan ondotik, La Cimage elkarteak eta Irungo Harrera Sareak elkarretaratzea deitu dute bihar (asteazkena), 18:30ean, Donibane Lohizuneko tren geltokian.
LAB sindikatuaren hitzetan, hiru heriotzak "migrazio politika arrazisten" ondorio "sistematikoak" dira.
Pertsona migratzaileen heriotzak ez dira "gertakari bakanak", "Hendaia-Baiona tartean bereziki gertatzen direlako". Ibilbide "bereziki militarizatua da, eta egunero etnia eta arraza profil araberako kontrol selektiboak egiten dituzte", gogorarazi duenez.
Trenbidean etzanda
Jerome Bourrier Baionako fiskalak arratsaldean, prentsaurrekoan, azaldu duenez, formalki hildako bakarra identifikatu dute, 21 urteko gizon bat. Biktima guztiak aljeriarrak direla baieztatu du Bourrierek. Istripuaren unean bost pertsona tokian egotea hipotesietako bat dela esan du fiskalak, Sud Ouest-ek jakitera eman duenez.
Ezbeharraren lekuan paperak aurkitu dituzte, tartean Baionako auzitegiak zigortutako gizon batenak. Lapurretagatik zigortu zuten, eta istripuaren bezperan mugara eraman zuten zuzenean, Mont-de-Marsaneko espetxetik.
Bourrierek bi aukera aipatu ditu, edo gizona bertan zegoen istripuaren unean, eta ihes egin du, ala errekan gora paperak lapurtu dizkiote lehenago. Bestalde, hildakoetako bat Espainiatik kanporatu zuten.
Tragediaren inguruabarrei dagokionez, "argiztapenik gabeko" toki bat dela azpimarratu du Bourrierek, "eta errepidez sartzea zaila da".
Aurreneko ikerketen arabera, tren-gidariaren testigantzan oinarrituta, biktimak azken unean soilik ikusi ahal izan ditu, "baliteke trenbidean etzanda" aurkitzea, fiskalak erantsi duenez.
Dirudienez, gidariak larrialdi botoia sakatu du, baina alferrik. Trena 92 kilometro orduko abiaduran zihoan, eta 310 metro gehiago egin behar izan ditu gelditzeko. "Talka saihestea ezinezkoa zen", adierazi du fiskalak. Hildakoen gorpuak Bordeleko Auzitegiko Medikuntza Institutura eraman dituzte, bertan autopsia egiteko.