Gizartea -

La Palmako sumendia

Cumbre Viejako sumendiak oso aktibo jarraitzen du erupzioan sartu zenetik hiru aste bete direnean

Sumendiaren jarduera etengabeak eta kono nagusia partzialki erortzeak koladak iparralderantz hedatzea ekarri du. Jarduera sismikoak ere handia izaten jarraitzen du, 40 dardara baino gehiago izan baitira azken orduetan, horietako bat 4,3koa, sakonera handian bada ere.

Cumbre Viejako sumendiaren iparraldeko hegala erori deneko argazkien sekuentzia. EFE
Cumbre Viejako sumendiaren iparraldeko hegala erori deneko argazkien sekuentzia.
Ia 3.000 pertsona konfinatu behar izan dituzte La Palman zementu-fabrika batek su hartu ondoren

1:50

Agentziak | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

La Palmako Cumbre Vieja sumendia erupzioan sartu zenetik hiru aste bete direnean, larrialdi zerbitzuak iparraldeko koladari so jarraitzen dute, lehen egunetan salbu geratu ziren eremuak suntsi ditzakeelako. Labak dagoeneko 525,77 hektareako azalera hartu du, aurreko egunean baino 33,02 gehiago.

Sumendiaren aktibitateak koladak handitu ditu iparralderantz, eta lehen koladak eraginik izan ez zuen Todoque herriko zonaldeetara gerturatzen ari da. 

Horrela, gaur egun, iparraldeko laba ibaiak bi adar ditu: hegoaldekoa, aurreneko koladarekin bat egin duena eta laba masa handi bat garraiatzen duena, eta iparraldekoa, Los Llanos de Aridane herriko industrialdearen parean dagoena. Azken horri bereziki adi daude, ibilbidea alda dezakeela uste baitute. Hain zuzen ere, inguru horretan gogorra izan da gaua herritarrentzat, kolada nondik abiatuko den ez jakiteak ziurgabetasuna handitzeaz gainera, leherketak etengabeak baitira. 

Erupzioa hasi eta hiru astera, kraterraren emisio-zentroek aktibo jarraitzen dute. Atzo sumendiaren konoan izandako erorketei dagokienez, Institutu Geografiko Nazionalak adierazi du ez dela espero laba isurketa berriek lurrazalean egiten ari diren ibilbidea aldatzea.

Copernicus zerbitzu europarraren arabera, 1.281 eraikin eta 132 laborantza hektarea kaltetu dira orain arte

Errauts zutabeak 3.500 metroko altuera hartu zuen atzo. Azken orduotan eguraldiak hobera egin badu ere, astelehen honetan haizea mendebaldera egitea espero da, 2.500 eta 5.500 metro bitartean, eta horrek errauts poltsa desplaza dezake, eragin zuzena sortuz La Palmako aireportuan. 

Sufre dioxidoaren (SO2) emisioak balio altuak izaten jarraitzen du, erupzio-prozesuaren ondorioz, baina airearen kalitatea baimendutako gehieneko atalaseetatik urrun daude.

Bestalde, laba itsasora iristean sortzen hasi zen delta labiko edo fajanari dagokionez, azalera zabaltzen eta itsasoan aurrera egiten jarraitzen du. Azken neurketen arabera, 34 hektareako azalera du sortu den lur-muturrak. 

Sismikotasun handia

Sismikotasun handia da oraindik. Sakonera ertainean (10-15 km) eta sakonean (20 km baino gehiago) ari dira gertatzen mugimendu gehienak. Gaur egungo sismikotasun-mailaren ondorioz, dardara sentiberagoak izango dira, eta horiek malda-eremuetan lur-jauziak eragin ditzakete, aurreikuspenen arabera.

Gaur gauean, lurrikara handiena Kanarietan 22:46 zirenean gertatu da, Villa de Mazonen, 4,3ko indarra izan du, baina fokua oso sakon izan du, 39 kilometrora, eta, beraz, ez da lurrazalean sentitu.

Dardara horren ostean, beste 40 lurrikara izan dira La Palman, baina bakarra sentitu dute gainazalean: 07:26an gertatu da. Ritcher eskalan 3,3 graduko lurrikara izan du, eta fokua 13 kilometroko sakoneran izan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia albisteak Gizartea Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Kanariak Sumendiak La Palma erupzioa gaur