Gizartea -
heriotza
Luis Mari Sanchez Iñigo hil da, Zeledonen sortzaileetako bat
Kultur-ekimen ugariren bultzatzaile izandakoa Zeledonen "aiten" artean bizirik zirauen azkena zen, eta 94 urte zituen.
agentziak | eitb media
Luis Mari Sanchez Iñigo hil da, Zeledonen sortzaileen artean bizirik zirauen azkena, 94 urte zituela.
1927ko irailean jaioa, Sanchez Iñigo oso ospetsua zen Gasteizen, kultur- eta kirol-ekimen ugari bultzatu zituelako.
Izatez, arkitekto teknikoa zen, baina 1957tik jaiei hasiera eman ohi dien Zalduondoko baserritarraren jaiotzaren bultzatzaileetako bat izateagatik zen ezaguna, batez ere. Politikan ibilbide handia egin zuen, gainera: Arabako EAJri oso lotuta egon zen, eta Eusko Alkartasunako militante ere izan zen.
Era berean, mendi klub baten eta dantza-talde baten sorreretan parte hartu zuen, eta Judizmendi igeriketa klubeko eta Arabako Jaiotzazaleen Elkarteko buru izan zen.
Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia lurraldearen "garai gogorrenetan euskal nazionalismoaren erreferente" izandakoaren heriotzagatik atsekabe agertu da.
Bestalde, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak Sanchez Iñigok "frankismo garaietan izandako konpromiso politiko goraipagarria" gogora ekarri du. Halaber, azpimarratu egin ditu hildakoak, Zeledonen figuraren gainerako bultzatzaileekin batera, "gasteiztar izatearen sentimenduari, komunitate sentimenduari eta harrotasunari egin dizkion ekarpenak".
Maider Etxebarria Gasteizko Udaleko alkateordeak sare sozialetan adierazi du "lutoan" daudela hiria eta bertako tradizioak, "galera handi" horren ondorioz.