Gizartea -
Osasun Mentalaren eguna
Pandemia, depresioak areagotu dituen hauspoa
Gabriela Rodriguez gaixotasun mentalak dituzten pertsonei eta horien familiei laguntzen dien AVIFES elkarteko Gizarte eta Hezkuntza Laguntza arloko koordinatzaileak ohartarazi duenez, aurrez horrelako zailtasunik ez zuten gazteek antsietate zein fobia sozialeko arazoak garatu dituzte.
Eider Jauregi O. | Mikel Dominguez | EITB Media
Covid-19aren pandemiak izugarrizko eragina izan du pertsonen osasun mentalean. Gizarte osoak beldurrez eta ziurgabetasunez bizi izan ditu azken hilabeteak eta denboran horrenbeste luzatu den egoera honek nekea ere ekarri du berarekin. Osasun arloko langileak, bakarrik bizi direnak, gazteak... sentsazio horiek berebiziko intentsitatez bizi izan dituzte kolektibo horiek eta adituek diotenez, horrek buruko osasun arazoak eragingo dizkie askori epe ertain eta luzera.
Gabriela Rodriguez gaixotasun mentalak dituzten pertsonei eta horien familiei laguntzen dien AVIFES elkarteko Gizarte eta Hezkuntza Laguntza arloko koordinatzaileak argi du pandemiaren ondorioz, aukera gehiago daudela orain antsietate eta gestio emozional arazoak izateko eta zailagoa dela askorentzat egunerokotasunean sortzen diren oztopoei aurre egitea. Depresio kasuak ere gora egiten ari direla ohartarazi du.
Azken urte eta erdian osasun mentalarekin zer gertatu den aztertu dugu berarekin:
- Iaz pandemia jendarte osoaren osasun mentalean eragiten ari zela nabarmendu zenuten. Aldatu al da hori? Hobera edo okerrera egin du egoerak?
Pandemiak jendartearen osasun mentalean utzi dituen ondorioak ikusten jarraitzen dugu eta egoerak ez du hobera egin.
Nekea, beldurra eta ziurgabetasuna dela eta, oro har, aukera gehiago daude antsietate arazoak, emozioen kudeaketan arazoak eta egunerokotasunean sortzen diren oztopoei aurre egiteko arazoak izateko.
Horren froga da depresioa duten pertsonen kopurua gora egiten ari dela. Lehen ere garrantzia handiko arazoa zen (Espainian 3 milioi pertsonek pairatzen dute), baina adituek diote pandemiak kopuru hori biderkatu egingo duela. Errealitate honek asko kezkatzen gaitu AVIFESen eta egoera horiei guztiei erantzuteko lanean ari gara.
- Gazteak al dira kaltetuenak? Bizitza normalago baterantz urratsak ematen ari garen arren, fokuak euren gainean jarraitzen du.
Gure gazteen eta nerabeen osasun mentalean berebiziko eragina izan du pandemiak. Denbora asko egon dira kontaktu sozialik gabe, bizitzako garai horretan oinarrizkoa denean. Gainera, besteak beste, ezin izan dute aisialdirako aukerarik izan eta euren etorkizunarekiko ziurgabetasun sentsazioz bizi izan dute.
Horregatik guztiagatik, aurrez inoiz arazorik izan ez duten gazte askok antsietatea zein fobia soziala garatu dute, ikasketei, harremanei edota bizitza sozialari berrekin behar izan diotenean, batez ere.
Bestalde, aurrez jada osasun mental arazoren bat zutenei okertu egin zaie egoera, sintomatologia handitu egin zaielako edota euren inguruak, orain arte egoerari eusten zionak, laguntza behar duelako orain.
Honi gehitu behar zaio areagotu egin direla janarekin lotutako nahasmenduak eta alkohol zein beste toxikoen kontsumoa.
- OMEk ohartarazi duenez, osasun mentalaren auzia agendaren lehen tokian egon beharko litzateke. Zer egin beharko luke osasun sistemak gai honi bermeekin heltzeko?
Hori da, Osasunaren Mundu Erakundeak osasun mentalaren garrantzia nabarmendu du eta depresioa laster mundu mailako lehen osasun arazoa izango dela ohartarazi du.
Erantzun ona emateko, hasteko eta behin, garrantzia eman behar zaio osasun mentalari, inolako sintoma edo agertzeko modu gutxietsi gabe.
Osasun sistemak atzemate goiztiarra martxan izan behar du lehen arretatik, hori baita kasu hauen sarbide ohikoena eta hortik azkar bideratu behar dira pertsonak zerbitzu espezializatuetara.
Osasungintzaren lana ezinbestekoa da baina oso garrantzitsua da arlo horretatik gurea bezalako zerbitzu sozial espezializatuetara bideratzea pazienteak, osasun mentalean ibilbide luzea baitugu. Eta erantzuna behar bezalako izateko familiak ere kontuan izan behar dira, gaixotasuna ulertzeko guneak behar dituzte, estrategiak ikasi eta babesa jaso.
Bestalde, ez dugu ahaztu behar prebentzioak eta informazioa zabaltzeak duten garrantzia. Hori arlo guztietatik egin behar da: osasun arlotik, hezkuntzatik, lan mundutik, gizartetik...
- Egia al pandemiaz geroztik gehiago hitz egiten dela osasun mentalari buruz? Desagertu al da estigmatizazioa?
Bai, pandemiak osasun mentalari buruz esparru ezberdinetan hitz egiten hastea ekarri du: politikarien artean, komunikabideetan baita herritarrak euren artea eren, kezkak partekatzen dituztenean.
Baina horrek ez du aurrerapausorik ekarri. Batetik, oraindik ere urrun gaude behar diren baliabideak izatetik, eta, beste aldetik, estigmak oso present egoten jarraitzen du. Pertsona publikoek lehen pertsonan euren esperientziei buruz hitz egiteak arazoa naturalizatzen lagunduko du, ziur aski, baina oraindik orain, osasun mental arazo bat duzula onartzeak beldurra, lotsa eta errua sentiarazten du, bai sufritzen duenari baita senideei ere.
Zentzu horretan, hori aldatzeko lanean ari gara AVIFESen eta bereziki nabarmendu nahi dugu behar gaituen orok hor gauzkala, osasun mentala guztion auzia baita.