Gizartea -

Bakearen Nobel saria

Maria Ressa eta Dmitri Muratov kazetariak, 2021eko Bakearen Nobel saridunak

Adierazpen askatasuna eta demokrazia eta bakea babesteko egindako ahaleginengatik saritu ditu Norvegiako Batzordeak.

Maria Ressa kazetari filipinarra eta Dimitri Muratov errusiarra. Argazkia: Twitter.
Maria Ressa kazetari filipinarra eta Dimitri Muratov errusiarra
Adierazpen askatasunaren alde Filipinetan eta Errusian ari diren bi kazetarik jaso dute Bakearen Nobel saria

1:19

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Ressa kazetari filipinarrak eta Dmitri Muratov errusiarrak jaso dute ostiral honetan Norvegiako Batzordeak urtero ematen duen Bakearen Nobel saria, adierazpen askatasuna eta, orohar, demokrazia eta bakea babesteko egindako ahaleginengatik.

Filipinetan zein Errusian egindako "borroka ausarta" aitortu die epaimahaiak, eta prentsa-askatasuna "gero eta baldintza txarragoetan" defendatzen duten kazetarien adibide ere badirela esan du.

Aurten 329 hautagaitza aurkeztu zituzten (234 pertsona eta 95 erakunde), historiako hirugarren kopururik handiena.

Aurtengo Bakearen Nobel saridunak sari horien historiako 102. zenbakia egin du, eta guztira 135 pertsona eta erakunde saritu ditu. 2020an Bakearen Nobel saria NBEren Elikagaien Munduko Programarentzat izan zen.

 

Muratoven esanetan, Errusian adierazpen askatasuna defendatzeko hil ziren kazetarien meritua da Nobel saria.

"Igor Domnikov, Yuri Shekochijin, Anna Politkovskaia, Anastasia Baburova eta Natalia Estemirova kazetariek jaso dute Nobel saria", adierazi du Muratovek Novaya Gazetaren webgunean.

Bestalde, Maria Ressak esan du "gertakarien eta egiaren borroka" irabaziko dutela, eta salatu du "gertaerak eztabaidagarriak" diren mundu batean bizi garela, eta, beraz, "kazetaritza aktibismo" bihurtu dela.

"Zailtasunen aitortza da, baina baita, zorte apur batekin, egiaren aldeko borroka nola irabaziko dugun ere", adierazi du Filipinetako kazetariak sariaren berri eman ondoren egindako bideo-elkarrizketa batean.

"Filipinetako eta Errusiako kazetari batzuek Bakearen Nobel saria irabazteak argi erakusten du gaur egun mundua eta Filipinak nola dauden", adierazi du Ressak. Kazetaria oso kritikoa da Rodrigo Duterte presidentearen gobernuarekin, eta hainbat prozesu judiziali egin behar die aurre bere herrialdean; gainera, azken urteetan bera atxilotzeko hamar agindu eman dituzte agintariek.

Kazetariak sare sozialetan (Facebooken, besteak beste) dagoen kontrol falta salatu du; izan ere, horren ustez, buloak eta gorrotozko mezuak argitaratzen dira eta demokraziak arriskuan jartzen dituzte, sare horiek agertu baino lehen kazetariek egiten zuten iragazki lana desagerrarazi baitute.

2021eko abendurako aurrez aurreko zeremoniak ahalik eta gehien murriztea erabaki dute antolatzaileek, covid-19aren pandemiagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusia Nobel sariak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Filipinak