Gizartea -

Osasun larrialdiaren amaiera

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa normaltasunera bueltatu dira, barran kontsumituz eta edukiera mugarik gabe

Osasun larrialdia indargabetzeko dekretua argitaratuta, ez dago jada ordutegi eta edukiera mugarik, eta nahi beste pertsona elkartu ahal dira taldeka.

Bilboko terrazak jendez beteta. Argazkia: EFE
Bilboko terrazak jendez beteta. Argazkia: EFE
Gogoz hartu dute askok tabernako barran kontsumitzeko aukera bueltatu izana

1:24

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak osasun larrialdia indargabetzeko sinatutako dekretua ostegun honetan argitaratu dute Euskadiko Aldizkari Ofizialean, eta, horrela, baliorik gabe geratu dira pandemiari aurre egiteko ezarrita egon diren murrizketa gehienak.

Neurri batzuk indarrean segituko badute ere –musukoaren erabilera, adibidez–, aurrerantzean ez da ordutegi eta edukiera mugarik izango, eta taldean nahi adina pertsona bildu ahalko dira. Tabernetako barran kontsumitu ahalko da, eta kontzertuetan ikusleak zutik egon ahalko dira.

Erakundeak fase berrira egokitzeko lanean ari dira, eta dagoeneko hartu dituzte lehendabiziko erabakiak eremu ezberdinetan normaltasuna pixkanaka berreskuratzeko.

Horrela, bada, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila eta Hezkuntza Saila ikastetxeetarako osasun protokolo berria lantzen ari dira. Dokumentua aste honetan aurkeztuko dutela eta datorren astelehenetik aurrera aplikatuko dutela ziurtatu dute.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, berriz, egoitzetako protokoloa eguneratuko dutela iragarri dute. Berrikuntza nagusia bisitetan nabarituko da; izan ere, ostegun honetatik aurrera, egoiliarraren logelan eta aire librean ez ezik, zentroetako gune edo areto komunetan ere egin ahalko dira.

Agenda kulturala ere lehengora bueltatzen hasiko da. Durangoko Azoka abenduaren 4tik 8ra bitartean egingo dute, eta aurrez aurrekoa izango da berriro ere, publikoa eta sortzailea espazio berean batuz.

Bilboko Kafe Antzokiak ostegun honetan irekiko ditu bere ateak, 19 hilabetez itxita egon ostean, eta Bilbao BBK Live Udazkena izango da zutik gozatu ahalko den lehen musika jaialdia.

Horrez gain, Bilboko Udalak ezustean iragarri du asteburu honetan antolatuko duela Gau Zuria.

Osasun larrialdia amaituta, udalerrietako festak ere egin ahalko dira, bi urtez jarraian bertan behera utzi behar izan eta gero.

Hala, Donostiako Udalak baieztatu du San Tomas azoka (abenduak 21) eta Danborrada (urtarrilak 19) antolatuko dituela.

Ildo berean, Olatz Peon Tolosako alkateak jakinarazi du datorren urtean inauteriak ospatuko dituztela.

Iragarpen horiek guztiek normaltasuna berreskuratzeko nahia erakusten dute, baina, hala ere, agintariek "zuhurtziaz" eta "arduraz" jokatzeko enegarren deia egin dute, pandemia amaitu ez dela ohartarazita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kontzertuak Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Kultura Albisteak Hezkuntza Adinekoentzako egoitzak Jatetxeak Tabernak Txertoak Koronabirusa Maskarak Osasun-larrialdi egoera amaitu da EAEn 2022