Gizartea -

Dislexiaren Munduko Eguna

Irakurmen trebetasun goiztiarrak lantzea da gakoa dislexia garaiz atzemateko

Soinu-hizki jokoekin lantzen diren gaitasun analitikoak dira, garunari hizkiak hitzen baitan ondo identifikatzen errazten diotenak. Irakurtzeko nahastea garatzeko aukera duten haurrek trebetasun hauetan zailtasun bereziak izaten dituzte.

Haur bat liburua irakurtzen. Irudia: PIxabay
Haur bat liburua irakurtzen
Haur bat liburua irakurtzen. Irudia: PIxabay

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dislexia irakurketari soilik eragiten dion nahastea da, eta, beraz, haurra irakurtzen hasten denean azaleratzen da. Herritarren %10i eragiten dio mundu osoan zehar, mutilei batik bat. Aldaera asko dituen nahasmendua da, eta kasu bakoitzak bere berezitasunak ditu. Horregatik, dislexia duen pertsona bakoitzak bere bidea lantzeak berebiziko garrantzia du. Badira, dena dela, guztiek komunean dituzten ezaugarriak eta horiei aurre egiteko lan-tresna orokorrak.

Joana Acha EHUko Psikologia Fakultatean irakasle eta ikertzailea da eta irakurmenanen garapenaren inguruan hainbat ikerketa egin ditu, batez ere nola garatzen diren irudikapen ortografikoak. Irakurmenaren sistema kognitiboa ulertzeko haur dislexioekin eta ez dislexikoekin lan egiten du eta bere ikerkuntzek ondorioztatu dutenez, irakurmen trebetasun goiztiarrak lantzea da gakoa dislexia garaiz atzemateko.

Acharen esanetan, soinu-hizki jokoekin lantzen diren gaitasun analitikoak dira, garunari hizkiak hitzen baitan ondo identifikatzen errazten diotenak. Horiek 4-6 urte bitartean lantzen badira, "garuneko irakurketa sistema" prestatzen dute Lehen Hezkuntzan modu zehatzean eta azkar irakurtzen ikasteko. "Irakurtzeko nahastea garatzeko aukera duten haurrek trebetasun hauetan zailtasun bereziak izaten dituztela ikusi da", gaineratu du.

Dislexiaren arazoa bi modutan isla daiteke, EHUko irakaslearen arabera. Alde batetik, zehaztasun falta orokorra atzemanda; adibidez, hizkiak ordezkatzea (katu esan ordez kafu irakurtzea), hitzaren hizki bat edo batzuk ez egitea (kau) edo hitzak trukatzea (katu ordez kate esatea antzekoak direlako eta ez konturatzea). Bestalde, haurrak zehaztasuna lortzen duenean, ulermena eragozten duen irakurketa motela adieraz dezake.

"Gehienetan haur horrek irakurketa eta ikasketarako motibazioa galtzen du, eta, askotan, segurtasunik eza eta frustrazio emozionaleko arazo larriak izaten ditu"

Arazo horiek haurra Lehen Hezkuntzan dagoenean atzematen dira, sei urteren bueltan, eta, Acharen ustez, eragin negatiboa du horrek, bi konturengatik: arazoak etekin akademikoan eragiten duelako eta haurrak bere mugak atzematen dituelako. "Ondorioz, gehienetan haur horrek irakurketa eta ikasketarako motibazioa galtzen du, eta, askotan, segurtasunik eza eta frustrazio emozionaleko arazo larriak izaten ditu", azaldu du.

Haurrak sei urterekin hasten dira dekodetzen. "Ikerketek adierazi dute dekodetze zehatzaren bidez, hitzak hobeto barneratzen ditugula eta azkarrago irakurri". Baina zehatz-mehatz dekodetu ahal izateko, hizki-soinuen arteko loturak menperatuta izan behar ditu haurrak, eta hizkiak ondo identifikatzen eta izendatzen jakin behar du, bai isolaturik agertzen direnean edo hitzaren baitan bilatu behar ditugunean. Hori guztia sei urte baino lehen landu beharko litzateke, ikertzailearen arabera, 6 urterekin dekodetze zehatza bermatzeko.

Haur bat letrak ikasten. Irudia: Pixabay

EHUko irakasleak argi utzi du haur dislexikoek nerabezarora arte ahalegin handiagoa egin behar izaten dutela irakurtzeko, dislexikoak ez direnek baino. Dislexia duten haurren kasuan komenigarria izaten da informazioa modu bisual eta auditiboan helaraztea beharrezko lorpen akademikoak lortzeko.

Hala ere, horrek ez du esan nahi irakurmena alde batera utzi behar dutenik, nabarmendu du. Hau da, irakurtzea ezagupena lortzeko bidea da, hizkuntzak bezala goi-mailako gaitasunak abian jartzen dituelako (arreta, oroimena, informazioaren manipulazioa eta pentsamenduaren antolaketa).

"Etxean txikitatik gurasoekin egunero irakurketa partekatua egitea oso jarduera eraginkorra da haurraren arreta, hiztegi maila eta irakurmen gaitasunak ahalbidetzeko"

Azaldu duenez, EAEn eta Espainiar Estatuan, oro har, irakurmen maila ertaina baino baxuagoa dago. "Finlandian irakurketan eta hezkuntzan, orokorrean, emaitza hobeak dituzte, baina hori azaltzen duten aldagai batzuk dituzte, azaldu du. "Hezkuntza sisteman currikulumaren erdia irakurketa eta idazketara bideratuta dago; gainera liburutegi sare zabala dago, eta gizarte mailan irakurketa asko baloratzen da", esan du, eta finlandiar haurrek irakurtzen denbora pasatzea ohiko zaletasuna dela azaldu du.

Arazoak saiheste aldera, edo, orokorrean, irakurmen maila hobetzeko, "argi dago bai eskolak bai gizarteak irakurmena balio gisa sustatu beharko luketela", horren aburuz, eta gaineratu du etxean txikitatik gurasoekin egunero irakurketa partekatua egitea oso jarduera eraginkorra dela haurraren arreta, hiztegi maila eta irakurmen gaitasunak ahalbidetzeko. Amaitzeko, hizkuntzak edo irakurketak gure gizartean duten balioaz hausnarketa egiteko gonbita luzatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoa Araba EAE albisteak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Hezkuntza Umeak albisteak