Gizartea -

SEXU ABUSUAK

Hasi da Basauriko entrenatzaile ohiaren aurkako epaiketa, adin txikiko bati sexu abusuak egitea egotzita

Biktimak 15 urte ditu orain eta 2019an jarri zuen salaketa, Pepe Godoyk eta beste hainbat biktimak sexu abusuak salatu ostean. Adin txikikoaren kasua ez beste guztiak preskribatuta daude.

Basauriko entrenatzaile ohiaren aurkako epaiketa. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Basauriko entrenatzaile ohiaren aurkako epaiketa
Epaiketa futbol entrenatzaile bati, Basaurin mutiko bati sexu abusuak egitea leporatuta

1:17

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

09:30ean hasi da Bizkaiko Auzitegian Basauriko entrenatzaile ohiaren aurkako epaiketa, adin txikiko bati sexu abusuak egitea leporatuta. Orain 15 urte ditu biktimak eta 2019an salatu zuen Basauriko futbol eskola bateko entrenatzaile izandakoa, Pepe Godoy izeneko Basauriko herritar batek eta beste biktima batzuek salaketa publiko egin ostean.

Fiskaltzak sei urteko kartzela zigorra eskatzen du akusatuarentzat eta defentsaren abokatuak, ostera, zortzi. Horrez gain, 85.000 euroko erantzukizun zibila, zaintzapeko askatasuna eta urruntze agindua ere galdegin ditu.

Adingabeak ez du gaurko saioan deklaratuko, berriro biktima ez bilakatzeko. Horren ordez, bere garaian epailearen aurrean esan zuena entzungo da aretoan. Adingabearen aldetik, ama eta osaba bertan izango dira. Halaber, Pepe Godoyk lekuko gisa deklaratuko du. Pepe Godoy basauriarra izan zen, hain justu, entrenatzaileak egin zizkion gehiegikeriak lehen aldiz kontatu zituena. Salatutako abusuak preskribatuta daude, duela 30 urte baino gehiago gertatu baitziren.

Ertzaintzak 2019ko martxoan atxilotu zuen orduan 60 urte zituen gizona, adingabeei sexu abusuak egitea egotzita, hilabete horren hasieran adingabeak eta haren familiak jarritako salaketaren ondoren. Epailearen aurretik igaro ondoren, karguekin aske geratu zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Basauriko bideoak Zer gertatu da Bizkaian? Epaiketak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Eraso sexualak gaur