Gizartea -
KORONABIRUSA
Lehendakariaren agerraldia, LABI instituzionalaren azken bileraren ondoren, 17:00etan, zuzenean
Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordea astearte honetan bilduko da, 16:30ean, eta osasun-larrialdiaren amaiera agindu lezake, neurri murriztaile gehienak indargabetzea ekarriko lukeena.
Agentziak | EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldi instituzionala egingo du astearte honetan, 17:00etan, Euskadiko Babes Zibileko Plana - LABI Larrialdiei Aurregiteko Bidearen Aholku Batzordeak Lehendakaritzaren egoitzan egingo duen bileraren ondoren. Aurreikuspenen arabera, LABI instituzionalaren azken agerraldia izango da eta ez da galderarik egiteko aukerarik egongo.
eitb.eus-ek, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Euskal Telebistako bi kateek zuzenean eskainiko dute lehendakariaren agerraldia.
Hala, Euskal Autonomia Erkidegoak osasun larrialdia desaktibatuko du eta Euskadiko Babes Zibileko Plana - Larrialdiei Aurregiteko Bidea (LABI) desegingo da, Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen Aholku Batzordeak astearte arratsaldean egingo duen azken bileraren ondoren, Eusko Jaurlaritzako iturriek Europa Press albiste agentziari jakinarazi diotenez. Batzorde horrek covid-19aren egoera epidemiologikoan oinarrituta une bakoitzean ezarri beharreko neurriei buruzko erabakiak hartu ditu.
Mahai instituzionala 16:30ean bilduko da, eta, aurreikuspenen arabera, neurri murriztaile gehienak ostegun honetatik aurrera desaktibatuko ditu. Lehendakariak berak iragarriko du, 17:00etan, osasun-larrialdiaren amaiera.
Urkulluren asmoa da LABIko teknikariek (osasun arloko arduradunak, Jonan Fernandezek koordinatuta) denbora horretan guztian egin duten lana aitortzea, baita LABI politiko eta instituzionalarena ere, hainbat sailetako ordezkariak, Espainiako Gobernuaren ordezkariak, aldundietakoak eta EAEko hiru lurraldeetako hiriburuetako alkateak batu dituena.
Urkullu jendaurrean agertuko da, LABIren Batzorde Zientifiko-Teknikoko kide izan diren adituekin batera (batzorde horrek kutsatzeak geldiarazteko hartu beharreko neurriak aztertu eta proposatu ditu), bai eta ezarri beharreko murrizketei buruzko azken hitza zuten Aholku Batzordeko kideekin ere.
Horrela, lehendakariak amaitutzat emango du Euskadiko osasun larrialdia, desegin egingo du Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordea, eta indargabetuko dituzten neurriak eta indarrean jarraituko dutenak iragarriko ditu.