Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Araba eta Bizkaia eremu berdera igaro dira
Bilbok eta Gernika-Lumok ere transmisio txikiko gunera egin dute jauzi. Donostian, ordea, 21 positibo berri atzeman dituzte eta ezin izan dio berdeari eutsi etao ndorioz eremu horira itzuli da.
ANE SANTESTEBAN | EITB Media
Araba eta Bizkaia eremu berdera pasatu dira, Bilbo eta Gernika-Lumorekin batera, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabiltzen duen semaforoaren arabera. Donostian, baina, 21 positibo berri atzeman dituzte, eta ezin izan dio eremu berdeari eutsi. Hori ageri da semaforoa Gipuzkoako hiriburuan.
Araba da EAEn intzidentzia txikiena duen lurraldea (57 kasu 100.000 biztanleko), eta eremu horitik berdera pasa da azken orduetan. Gasteizek hori jarraitzen du, eta azken orduean Agurain batu zaio, egoerak hobera egin ostean. Laudiok eta Amurriok berdeari eutsi diote.
Bizkaiak ere atzean utzi du eremu horia (58 kasu 100.000 biztanleko) eta eremu berdera igaro da. Ondarroak laranjaz margotuta jarraitzen du; bakarra da EAE osoan.
Hori, berriz, honako hauek daude: Abadiño, Arrigorriaga, Balmaseda, Barakaldo, Derio, Durango, Elorrio, Gorliz eta Lekeitio.
Luzeagoa da udalerri berdeen zerrenda: Abanto, Basauri, Berango, Bermeo, Erandio, Ermua, Etxebarri, Galdakao, Gueñes, Getxo, Leioa, Markina-Xemein, Mungia, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopela, Trapagaran, Zalla eta Zornotza. Gaur, gainera, Bilbo eta Gernika-Lumo batu zaizkie. Bizkaiko hiriburuan azken orduetan 7 positibo berri atzeman dituzte.
Gipuzkoa da hori kolorez ageri den EAEko lurralde bakarra (68 kasu 100.000 biztanleko).
Andoain, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Irun, Lasarte-Oria, Mutriku, Ordizia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Villabona eta Zarautz ere horian daude, eta Donostia eta Astigarraga gehitu dira zerrendara. Gipuzkoako hiriburuan 21 positibo berri atzeman dituzte azken orduetan.
Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Deba, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Lazkao, Legazpi, Lezo, Oiartzun, Oñati, Orio, Pasaia, Usurbil eta Zumarraga eremu berdean daude. Zumaian egoerak hobera egin du, eta berde jarri da semaforoa.
EAEko udalerri handi bakar bat ere ez dago eremu gorrian.
Europar Batasunak onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.