Gizartea -
KORONAVIRUSA
Orive: "Mugikortasuna berreskuratzeko eta murrizketak desagerrarazteko unea da, baina maskarak mantenduz"
Gorka Orive EHUko farmazia irakaslearen iritziz, "baldintzak onak dira egoera epidemiologikoari begiratuta: kasu gutxi daude eta positibitatea baxua da".
EITB Media
"Pandemiatik birus endemikora igarotzen" ari garela azaldu du Gorka Orive zientzia dibulgatzaile eta EHUko farmazia irakasleak bart Radio Euskadiko "Ganbara" saioan, egungo egoera epidemiologikoaren analisia egiteko baliatzen duen Claves Covid atalean: "Pandemiatik birus endemikora igarotzen ari gara, birusarekin elkarbizi beharko dugun garai batera, alegia, eta jarraipen zorrotza egiten jarraitu beharko dugu". Oriveren iritziz, "une honetako baldintzak onak dira egoera epidemiologikoari begiratuta, kasu gutxi daude eta positibitatea baxua da", eta hori kontuan hartuta, "mugikortasuna berreskuratzeko eta murrizketak desagerrarazteko unea" dela iruditzen zaio. Hori bai, murrizketa edo prebentzio neurri bat mantenduz: "maskarak gurekin jarraitu beharko du".
Orivek nabarmendu duenez, covid-19ren kontrako txertaketaren lehen aro honen ostean, "ikerketa ezin da eten". "Azken hilabeteotan egin den esfortzuak ikertzen jarraitzeko eta txerto berriak garatzen jarraitzeko akuilu" izan behar dela garbi du Euskal Herriko Unibertitako irakasleak. Ildo horretan, oso interesgarriak iruditzen zaizkio "sudurretik jarriko litzatekeen txertoa aurkitzeko egiten ari diren ikerketak"; izan ere, mukosa horren immunizazio indartsua lortuz gero, transmisioa etetea lor daiteke, ia erabat esterilizantea bihurtuz txertoa".
Ikerketarekin jarraitzearen garrantzia berretsiz, argi utzi du ezin dela tratamendu berriak aurkitzeko lanean etsi, "birusa hasierako etapan dagoenean aurka egin ahalko liokeen antigorputz koktela, adibidez". Birusarekin elkarbizitzea egokituko den garai berrian, Orivek iragarri du "kasuek agertzen jarraituko dutela, eta beraz, botika berrien garapena bultzatzea oinarrizkoa" izango dela.