Gizartea -

KARTZELAK

Birgizarteratzeko bidea lantzen eta prestatzen

Zubiko eta ADAP bezalako elkarteek urteak daramatzate EAEko espetxeetan dauden presoen askatasunerako bidearen ertz guztiak prestatzen, gizartera itzultzen direnean tresna egokiak izateko. Begi onez ikusten dute espetxeetako eskumena Eusko Jaurlaritzak hartu izana.

Arabako Espetxearen kanpoaldea. Argazkia: EITB Media.
Arabako Espetxearen kanpoaldea. Argazkia: EITB Media.
Arabako Espetxearen kanpoaldea. Argazkia: EITB Media.

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Preso bakoitzari egokitutako birgizarteratze ibilbideak diseinatzea eta pertsona horiei  gizartera atzera berriz itzultzeko tresna egokiak eskaintzea, justizia errestauratiboan zedarrituta eta genero ikuspegiarekin. Eusko Jaurlaritzak abian jarri nahi duen espetxe eredu berriaren ardatzetako bat da, kartzelen eskumena bere egin duenetik.

Eginkizun horretan urteak daramatzate ADAP eta Zubiko elkarteak.  Irabazi asmorik gabekoak biak, bertatik bertara ezagutzen dute EAEko hiru espetxeetako gordintasuna. Arabako kartzelara mugatzen du, batez ere, bere jarduna ADAPek, eta Bizkaikora Zubikok.  Pertsona presoen birgizarteratzea ahalik eta baldintza onenetan egiteko, programa berezituak lantzen dituzte espetxe barruan eta kanpoan eta banan banako akonpainamendua eskaintzen diete presoei.  Begi onez ikusten dute Jaurlaritzak eskuartean duen espetxe eredu berriaren egitasmoa, baina bi elkarteok bat datoz ezer egin nahi bada baliabideak jartzea ezinbestekoa dela esatean.

Asko egin da, baina asko dago egiteko. Hala uste du Carmen Gonzalez Zubiko elkartearen arlo juridikoaren arduradunak. Azken urteotan, presoen birgizarteratzearen bidean "oinarri sendoak" ezarri direla uste du, baina "hutsuneak handiak eta nabarmenak" dira oraindik. "2002tik ari gara lanean presoekin, eta zuzeneko harremana dugu espetxeetako arduradunekin. Bide luzea dugu oraindik", esan du.

Akonpainamendua, lehen unetik

Delitua egin duen pertsona orok espetxeko atea gurutzatzen duen unetik bertatik behar du "akonpainamendu profesionala" eta une horretan hasten da "birgizarteratzeko bidea".   Ereduak izan beharko lituzken oinarriak garbi ditu Gonzalezek: "eredu humanoagoa,  bakoitzari egokitutakoa,  erdi-askatasuneko eredua lehenetsiko duena eta genero ikuspegia aintzat hartuko duena". Bere hitzetan,  modu horretan gizarte osoa aterako da irabazten. "Gizarteratze prozesuak ez dira mesedegarriak presoentzat eurentzat bakarrik, baita biktimentzat ere. Prozesuan minaren aitortza ere sartzen da".

Batez ere Basauriko espetxeko — orain, Bizkaia Espetxeko — , presoak artatzen ditu Zubiko elkarteak, eta  lortzen dituzten emaitzak "oso positiboak" direla nabarmendu du bertako abokatuak:  "gure programetan parte hartzen duten presoen ia gehienek lortzen dute gizarteratzea, eta % 4 bakarrik dira, gutxi gorabehera, helburu horretara heltzen ez direnak". Preso bakoitzari bere ezaugarrien arabera diseinatutako  ibilbidea eskaintzen diote, "askatasunerako bideak arrakasta izan dezan".

Helburu berdinekin dihardu lanean Arabako ADAP elkarteak ere,  1991. urtetik,  baina emakumezko presoei  zuzendutako programak lantzen ditu,  batez ere.  Josune Carramiñana Galvez da elkarteko boluntarioetako bat,  eta bere ardura da emakume presoentzako duten harrera etxea kudeatzea.  Horren hitzetan,  espetxeen eskumenaren eskualdaketak presoek dituzten beharrei "erantzun eraginkorragoak eta azkarragoak" emateko balio beharko luke.  Era berean, "biktimei dagokien arreta eta laguntza" eskaintzeko tresnak ezinbestekoak direla nabarmendu du.

Kartzelara sartzen den unetik bertatik eskaini behar zaizkio birgizarteratzeko tresnak presoari, gizarte laguntzailearen arabera, "programa hezitzaile eta terapeutikoen bidez". "Halere, kalera ateratzen direnean hasten da benetako prozesua, zailtasunekin eta aukera ezberdinekin topo egiten dutenean", gehitu du.

Preso bakoitzaren neurrira egokitutako prozesuen garrantzia nabarmendu du ADAP elkarteak ere, eta "erdi-askatasuneko eta baldintzapeko askatasuneko" bideen alde egiten dute, presoak gizarteratzeko eta  "berriro erortzea" ekiditeko "formularik eraginkorrenak" direlakoan. Horretarako baina, erremintak eta baliabideak behar dituzte, eta eredua aldatu nahi bada, Eusko Jaurlaritzak 2022ko aurrekontuetan gai honetara bideratutako partida berezituak onartzea beharrezkoa dela iritzi diote. "Zenbat eta denbora gutxiago igaro espetxe barruan, birgizarteratzeko aukerak askoz handiagoak dira.  Hori frogatuta dugu", esan du Carramiñanak.  Eta horrek ere,  presoak hasieratik behar duen akonpainamendu profesionala jarri du prozesuaren erdigunean.

Emakume presoak, bi aldiz estigmatizatuta

Gizonek gizonentzat egindako espazioak dira kartzelak. Gizartearen kodeetan "delitugilea, berez, gizona da", eta ondorioz,  "emakume delitugilea bazara",  estigmatizazioa bikoitza da espetxe barruan zein kalean. ADAP eta Zubiko elkarteen arabera, genero ikuspegia  nahitaez txertatu behar du Jaurlaritzak eskuartean duen eredu berrian. 

"Emakume 'gaiztoek' edo arau-hausleek tokirik ez duten gizarte batean bizi gara. Gizonei baino zigor handiagoa ezartzen die gizarteak, eta  espetxetik ateratzen direnean,  bi aldiz estigmatizatuta sentitzen dira", esan du Carramiñanak.

Egun 1.378 preso inguru daude Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko espetxeetan, eta horietatik 100 inguru emakumeak dira.

                                          

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Gizarte zerbitzuak Presoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua Espetxeak