Gizartea -
KORONABIRUSA
Positibo berrien kopuruak gora egin du berriro Euskadin, 105 kasu atzeman baitituzte
Gainera, laugarren egunez jarraian, birusaren birsorkuntza-tasak gora egin du 0,9ra arte. Aitzitik, intzidentzia metatuak (70 kasu) behera egiten jarraitzen du, eta ZIUetako presioak bere horretan jarraitzen du.
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Euskadin, berriz ere gora egin du covid-19aren positiboen kopuruak, 105 kasu izan baitira azken orduetan; aurreko egunean 95 izan ziren, eta asteartean 89, baina duela astebete baino gutxiago, 110 izan baitziren orduan.
Halaber, birusaren birsorkuntza-tasak (R0) bilakaera negatiboa izan du berriro; izan ere, laugarren egunez jarraian gora egin du, eta 0,9an dago; datu hori ez zen ematen abuztuaren 13tik.
Alde positiboan, nabarmentzekoa da intzidentzia-tasa metatuaren jaitsiera jarraitua, 14 egunetan 100.000 biztanleko 73 kasutik 70,83 kasura igaro baita. Arabaren kasuan, adierazle hori 67,84ra jaitsi da, eta gainetik daude Bizkaia (69,10) eta Gipuzkoa (70,09).
Zainketa intentsiboetako unitateetan aurreko eguneko gaixo kopuru bera dago, 37 pertsona, baina apur bat okertu da gela arruntetako okupazioa, 87tik 95era igaro baita. Halaber, azken orduko ospitaleratzeak 17tik 27ra igo dira.
Eusko Jaurlaritzaren buletin epidemiologikoaren arabera, ostegun honetan 5.428 proba diagnostiko egin zituzten, asteazkenean baino 1.186 gutxiago, eta positibotasun tasa % 1,4tik % 1,9ra igo da.
Araban zenbatu dituzte azken orduetan positibo gutxien (10), Gipuzkoan (43) eta Bizkaian (50) baino gutxiago, eta horiei Euskaditik kanpo bizi diren bi pertsonak emandako positiboa gehitu behar zaie.
Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri duenez, pandemiaren bilakaera positiboa izaten jarraitzen badu, datorren asteartean, urriak 5, bertan behera gera daitezke covid-19a kontrolatzeko Euskadin indarrean dauden murrizketa gehienak, besteak beste, edukierak, ordutegi-mugak eta taldeen mugak.
Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan aurreratu duenez, astearteko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordean osasun larrialdiko egoera desaktibatzea proposatuko du Urkulluk.