Gizartea -
Elkarrizketa
Ana Agirre Justizia sailburuordea: "% 35-40ko birgizarteratze tasa lortu nahiko genuke"
Agirrek aitortu duenez, Sailak "emozioarekin baina erantzukizun handiarekin" hartu du bere gain espetxeetako kudeaketa.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Espetxe kudeaketaren EAEko ereduan birgizarteratzeak izango duen garrantzia azpimarratu nahi izan du Ana Agirre Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuordeak. Nabarmendu duenez, % 35-40ko tasa lortu nahiko lukete, "gaur egun hortik behera gaude eta".
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan, gaurkoa egun "historikoa" dela aitortu du Agirrek, eta esan du Sailak "emozioarekin baina erantzukizun handiarekin" hartu duela ardura, transferentziak euskal gizartean sortu dituen "itxaropenak" tarteko. Era berean, berretsi du Jaurlaritzaren helburua dela preso guztiek bigarren aukera bat izatea, "eta hori ETAko presoei zein ETAkoak ez direnei eragiten die", azaldu du.
Justizia sailburuordeak birgizarteratzea eta justizia errestauratiboa aipatu ditu EAEko ereduaren oinarri gisa, eta biek ala biek "lan handiarekin eta denbora luzearekin" lortu beharrekoak dira. Agirreren esanetan, "erremintak, baliabideak eta profesionalak behar ditu bide horretan, baita Euskadin oso zabala den hirugarren sektorearen parte hartzea".