Gizartea -
Labar-artea
Nafarroako Alkerdi 2 kobazuloan ezohiko labar-grabatu multzo bat aurkitu dute
Dozena bat irudikapen figuratiboek osatzen dute aurkikuntza, horien artean bisonteak, uroak, zaldiak eta, bereziki, lau bulba nabarmentzen dira.
I. R. | EITB Media
Gravetiar garaiko (28.000 eta 20.000 urte bitartean) ezohiko labar-grabatu batzuk aurkitu dituzte Alkerdi 2 kobazuloan, Urdazubin (Nafarroa). Dozena bat irudikapen figuratiboek osatzen dute aurkikuntza, horien artean bisonteak, uroak, zaldiak eta, bereziki, lau bulba nabarmentzen dira, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, eta horiei, gutxienez, margo gorriz trazatutako bost lerro bikoitzen serieak gehitzen zaizkie.
Galeria estuen bilbadura batean daude irudiok, eta bertara ia helezina den katazulo batetik iristen da; barrunbearen sakon-sakoneko puntu batean daude, egungo sarreratik bi solairu beherago.
Diego Garate Kantabriako Unibertsitateko historiaurreko labar-artean adituak koordinatutako aurretiazko ikerketa hori Ondarearen Europako Jardunaldietan aurkeztuko dute larunbat honetan, Urdazubin.
Oraingoz, eta ikerketa prozesu betean egonda ere, multzo aparta dela diote, Paleolitoko labar-artean oso ohikoak ez diren ezaugarriak baititu.
Horri dagokionez, Olivia Rivero Salamancako Unibertsitateko eta ikerketa-taldeko kideak honako hau adierazi du: "Grabatuen azterketa teknologikoak erakusten du horiek egin zituen pertsonak ez zuela artisten berezko trebetasunik; alde horretatik, ikastuna edo esperientziarik gabekoa zela dirudi, ez baita gai marra zuzenak eta seguruak sortzeko".
Itxuraz garrantzirik gabekoa dirudien xehetasun horrek eragin handia du labar-artearen etorkizuneko ikerketetan eta interpretazioan; izan ere, "oro har, hormek maisutasun artistikoa zuten pertsonentzat erreserbatuak ziruditen, haietarako sarbidea mugatuta balego bezala, baina galeria berri honek erabat nahastu gaitu", adierazi du Garatek.
Adituek adierazi dutenez, Gravetiar garaiko (28.000 eta 20.000 urte bitartean) eta Europako eremu kontinentaleko konbentzio grafiko batzuei erantzuten diete aurkitutako irudi berriok, eta zehaztu dute penintsulako garai horretako artearengandik bereizten direla, eta antzeko adibideak oso urriak direla.
2016an, proiektu berean margolan beltz, gorri eta grabatuak aurkitu zituzten, eta, oraingoan, Alkerdi 2 haitzuloarekin, Foru Erkidegoan ezagutzen den Paleolitoko bigarren kobazulo apainduaren berri eman dute.