Gizartea -

Espetxeak

Presoak gizarteratzeko Aukerak agentzia onartu dute, kartzelen transferentziaren bezperan

Gizarteratzeko Euskal Agentziaren lege-proiektua gehiengo handiz onetsi du Eusko Legebiltzarrak, espetxeratuei bigarren aukera emateko asmoz.

Zaballako espetxea. Argazkia: EITB Media.
Zaballako espetxea. Argazkia: EITB Media.
Legebiltzarrak "Aukerak" bergizarteratze elkargoa onartu du, presoei lan ibilbidea emateko

1:20

I. R. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erakunde berri bat, Aukerak izenekoa, arduratuko da presoen gizarteratzearekin eta laneratzearekin lotutako gai guztiak antolatzeaz. Izan ere, funtzio horiek Eusko Jaurlaritzak hartuko ditu bere gain, bihartik, urriaren 1etik, aurrera, espetxeen kudeaketa Euskadira eskualdatzearekin batera.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak abuztuan onartu zuen Gizarteratzeko Euskal Agentziaren lege-proiektua, eta gaur onartu du araua Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak, irakurketa bakarreko prozeduraren bidez; legegintza-tresna horrek eragotzi egiten die legebiltzar-taldeei ekarpenak egitea zuzenketen izapidearen bidez.

Legea babes zabalarekin atera da aurrera; izan ere, PP+CSko sei legebiltzarkideek eta Vox alderdiko ordezkariak bakarrik eman dute aurkako botoa. Gainerako taldeek erakunde hori sortzearen alde egin dute, presoei bigarren aukerak errazteko xedez.

Gaur egun, espetxeratuen lan-prestakuntza Espetxeko Lana eta Enplegurako Prestakuntza estatu-erakundearen menpe dago, eta erakunde horrek zeregin horrekin jarraituko du aurtengo abenduaren 31ra arte; orduan hartuko ditu Aukerak erakundeak eginkizun horiek.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak azaldu duenez, askatasunik gabe dauden pertsonei "bigarren aukerak emateko" erakunde gisa eratu da Aukerak, prestakuntzaren bidez, gizon-emakumeoi lan-munduan txertatzeko erraztasunak emanez.

Helburua ez da izango, zigorra bete bitartean, pertsona horiek okupatuta mantentzea soilik, gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideak zehaztuko ditu ere, hain zuzen. Horrela, orientazioa eta laguntza emango ditu kondenaren azken fasean edo erdi-askatasuneko erregimenean dauden pertsonen artean.

Aukerak elkarteak espetxeetako produkzio-lana eta horien ordainsariak antolatuko ditu, eta tailerrak, nekazaritza-ustiategiak eta bestelako zerbitzuak kudeatu ere.

Legea onartu ondoren, Administrazio Kontseilua eta estatutuak sortuko dituzte, haren aurrekontua autonomia-erkidegoko kontu orokorretan definituko dute, eta erakundeak beste administrazio publiko batzuen diru-laguntzak, dohaintzak eta ekarpenak ere jaso ahal izango ditu.

Espetxeko Lanaren eta Enplegurako Prestakuntza estatu-erakundean lan egiten duten funtzionarioak Aukerak-en lan egitera igaroko dira, Artolozabalek aurreratu duenez.

Erreakzioak

PP+Cs taldeak kontrako botoa eman du, ez datorrelako bat lege-proiektu hori izapidetzeko prozedurarekin, taldeen zuzenketarik eta eztabaidarako aukerarik gabe. Hala azaldu du Luis Gordillo legebiltzarkideak, espetxeen transferentzia "presaka" kudeatu dela deitoratuta.

Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkide bakarra, bestalde, agentziaren aurka agertu da "erabat", bere alderdiak "kudeaketa zentralizatua" defendatzen duelako, eta esan du ez duela sinesten damutu ez diren eta iragan terroristari uko egin ez dioten ETAko presoen gizarteratzean.

Elkarrekin Podemos-IU eta EH Bildu taldeek, berriz, aldeko botoa eman dute. Miren Gorrotxategi talde moreko bozeramaileak azpimarratu duenez, beharrezkoa da egitura propioak izatea presoak gizarteratzeko eta lan ordaindua izateko eskubidea bermatzeko. Legea onartzeko presak deitoratu ditu, baina behar hori ulertzen duela ziurtatu du. Hala ere, etorkizunean Gobernuaren eta oposizioaren arteko elkarrizketa esparru berriak irekitzea eskatu du, Euskadiko espetxe politika berria sortzeko.

Ildo beretik, EH Bilduko Eraitz Saez de Egilazek adierazi du bere taldearen interesa dela aktibo nekaezina izatea espetxe-sistema berri bat sortzeko, kartzelan dauden pertsonen bizitza duinerako eskubidea bermatzean oinarrituko dena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Presoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak