Gizartea -

Erupzioa La Palman

Labak itsasoan izango duen eragina aberasgarria izango da epe luzera

Ekosistema gehiago ugaldu eta aberastuko dela adierazi du Joan Marti CSICeko bolkanologoak. Gainera, lasaitasunerako deia egin du, labak itsasoko ura ukitzen duenean sortzen diren gasak ez direlako arriskutsuak.

Sumendiaren irudi bat: EFE
Sumendiaren irudi bat
Sumendiaren irudi bat: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

La Palmako sumendiaren laba gauean iritsi da itsasora Tazacorte udalerriko kostaldean, eta kezka handia eragin du uhartean. Hala, La Palmako Kabildoak etxetik ez ateratzeko gomendioa egin die Tazacorten konfinatuta dauden biztanleei.

Labak itsasoan izango duen eraginak ere kezkatuta ditu agintariak. CSICeko bolkanologo eta Bartzelonako Geozientziak taldeko zuzendari Joan Martik esan duenez, hasiera batean itsasoko floran eta faunan eragin kaltegarria izango badu ere, epe luzera, eragina aberasgarria izango da.

Adituaren arabera, 2011n El Hierron gertatu zen urpeko erupzioan gertatu zen moduan, laba itsas ekosisteman sartzeak eragin negatiboa izango du lehen momentuan, materiala oso tenperatura altuan sartzen baita urpean. Era berean, elementu kimikoak sartzen dira.

Dena dela, aurrera begira, ekosistema lehen zena baino gehiago ugaldu eta aberastuko da, Joan Martinen esanetan.

Laba Tazacorteko kostaldean sortzen ari den deltaren harira, uhartea "apur bat" haziko dela adierazi du bulkanologoak, baina ez dela uharte berririk sortuko.

Kezka dago, aldi berean, labak itsasoko ura ukitzen duenean askatzen diren gasen inguruan. Bartzelonako Geozientziak taldeko zuzendariak, ordea, lasaitasunareko deia egin du.

Erreakzio bidez sortzen diren gas horien kopuruak txikiak dira eta "oso azkar" barreiatzen dira. Hori dela eta, agintariei kasu eginez gero herritarrek ez dutela arazorik izango esan du Joan Martik.

Dena dela, astelehen honetan bertan Involcan Kanarietako Institutu Bolkanologikoak ohartarazi duenez, laba itsasora iristeak arnasteko zailtasunak eragin ditzake, batez ere aurretik arnas aparatuko gaitzak dituztenei. Gainera, larruazaleko eta begietako narritadura sor ditzakete, gas eta likido azidoak arnastu edo ukituz gero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia albisteak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Kanariak albisteak Munduan aktibo dauden sumendiak Zer gertatzen ari da Cumbre Viejan? Lurrikaretan hildakoak