Gizartea -
KORONABIRUSA
Osakidetzak urrats berriak eman ditu % 65eko presentzialtasuna lortzeko
Aurrerantzean osasun-zentroek ez dute covid edo ez-covid banaketarik izango, eta herritarrei ohiko osasun-zentroan emango zaio arreta. Covid sintomatologia duten gaixoak ordutegi zehatzetan artatuko dira.
A. S. | EITB MEDIA
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi duenez, Osakidetzak Lehen Mailako Arretan presentzialtasuna areagotzen jarraitu nahi du; izan ere, presentzialtasuna % 50 ingurukoa da gaur egun, eta erronka urte amaieran % 65era iristea da, pandemiaren aurreko mailara, hain zuzen ere.
Horrela, pixkanaka neurri berriak hartuko dituzte. Esaterako, osasun-zentroek ez dituzte aurrerantzean covid eta ez-covid arloak bereiziko, eta herritarrei ohiko osasun-zentroan emango zaie arreta. Covid sintomatologia duten gaixoak, baina, ordutegi zehatzetan artatuko dituzte.
Era berean, Sagarduik azpimarratu du pandemian zehar ezarritako hainbat egitura ezabatzen hasiko direla lekua aurrezteko asmoz. Proba diagnostikoak egiteko moduluak, manparak, barne-zirkuituak edo itxarongeletako zigiluak, esaterako, kendu egingo dituzte.
Amaitzeko, sailburuak esan du Osakidetza webgunearen bidez hitzordua eskatzeko sistema berri bat diseinatzen ari dela, presentzialtasun handiagoko eskaera horri modu ordenatu eta seguruan erantzuteko.
Sagarduiren arabera, "ezin da egun batetik bestera deseskalatu, urratsez urrats joan behar dugu". Telefono bidezko arreta gelditzeko etorri dela gaineratu du, "auzi burokratikoak konpontzeko eta zalantzak argitzeko tresna egokia" dela uste baitu.
Txertaketa-gune handiak itxiko dira
Osasun sailburuaren hitzetan, aste honetan itxiko dituzte covid-19aren aurkako txertaketa gune nagusiak Euskadin, immunizazio kanpaina amaitzear baitago.
Eremu horietan, bi milioi dosi baino gehiago jarri dituzte, Osakidetzak emandako txertoen % 66, hain justu. Gaur egun, 12 urtetik gorako biztanleen % 90ek txertoaren dosi bat jaso dute gutxienez, eta % 88,4k txertoaren pauta osatu dute.
Astelehen honetan Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egindako elkarrizketan, Sagarduik azpiegitura horien balioa azapimarratu zuen, eta bertan lanean aritu diren profesionalen lana goraipatu, baita gizarteak txertoa hartzeko deiari emandako erantzuna ere.