Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Ez dago udalerririk eremu gorrian Euskal Autonomia Erkidego osoan
Muskiz eta Elgoibar eremu berdean daude, eta Agurain eta Lekeitio, berriz, laranjan. Azken udalerri hori izan da eremu kritikoa utzi duen azkena.
I. R. | EITB Media
Muskiz (Bizkaia) eta Elgoibar (Gipuzkoa) eremu berdera pasatu dira, eta Agurainek (Araba), berriz, okerrera egin du eta laranjara igo da, Covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabiltzen duen semaforoaren arabera. Gainera, Lekeitio eremu kritikotik irten da azkenean, eta, ondorioz, dagoeneko ez dago udalerririk eremu gorrian Euskal Autonomia Erkidegoan.
Araba da EAEn intzidentzia txikiena duen lurraldea (73 kasu 100.000 biztanleko) eta eremu horian jarraitzen du, baita Gasteizek ere; Agurainek, aldiz, gune hori atzean utzi eta laranjara egin du salto. Laudiok eta Amurriok berdeari eutsi diote.
Bizkaian ere, hori jarraitzen du semaforoak (84 kasu 100.000 biztanleko).
Kostata bada ere, Lekeitio eremu gorritik atera, eta laranjan sartu da; bertan jarraitzen du Ondarroak.
Horian hauek daude: Abadiño, Abanto, Arrigorriaga, Barakaldo, Bermeo, Bilbo, Derio, Durango, Erandio, Ermua, Etxebarri, Getxo, Gernika-Lumo, Gorliz, Gueñes, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopela eta Zornotza.
Basauri, Berango, Elorrio, Galdakao, Leioa, Markina-Xemein, Mungia, Ortuella, Sestao, Trapagaran eta Zalla berdean daude, eta Muskiz gehitu zaie azken orduetan.
Gipuzkoa (82 kasu 100.000 biztanleko) ere hori dago.
Horian, berriz, hauek daude: Andoain, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Eibar, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Mutriku, Oiartzun, Ordizia, Orio, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Usurbil, Villabona, Zarautz eta Zumaia.
Aretxabaleta, Arrasate, Astigarraga, Bergara, Deba, Donostia, Errenteria, Hernani, Lazkao, Legazpi, Lezo, Oñati, Pasaia eta Zumarraga eremu berdean daude, eta, gaurtik aurrera, baita Elgoibar ere.
Europar Batasunak onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.