Gizartea -

Euskara

28 ikastetxetan jarriko dute abian ikasle etorri berrientzako Eusle hizkuntza-murgiltze programa

Hezkuntza Sailak garatutako Eusle programa hizkuntza-gaitasunean aurrera egiteko programa espezifikoa da, eta hizkuntzari ez ezik, ikasleen motibazio eta ongizateari ere erreparatzen dio.

Ikasgela bat. Eitb.
Ikasgela bat.
Ikasgela bat. Eitb.

O. P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntza Sailaren Eusle hizkuntza-murgiltze programa aurkeztu dute gaur goizean Bilbon Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak eta Lucia Torrealday Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak.

Hizkuntza-murgiltze programa da Eusle, Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetan Euskal Hezkuntza Sistemara etorri berri diren ikasleei eskolako komunikazio-hizkuntza eskuratzeko prozesua errazteko asmoz sortua. Aurreko bi ikasturteetan lau ikastetxe publikotan pilotajea egin ondoren, orotara EAEko 28 ikastetxetara hedatu du Hezkuntza Sailak programa hau 2021-2022 ikasturtean.

Helburu argi bat zuela jaio zen Eusle, eta helburu horri berari eutsiz hedatu da ikasturte honetan ere: ikasle etorri berriei euskaraz beharrezko komunikazio-gaitasuna ematea, eskola-eremuan harremanak izateko lehenik eta ondoren jakintza-arloetako hizkuntza eta komunikazio-trebetasunak ere bereganatu ditzaten.

Gainera, azaldu dutenez, "hizkuntza-gaitasunean aurrera egiteaz gain, ikaslea eskola-eremuan gustura, seguru eta motibatuta sentitzea ere bada asmoa".

Eusle programan parte hartzen duen ikasle etorri berriak erreferentziazko gela bat dauka, bere adin eta mailako ikasleen gela, baina, aldi berean, murgiltze-gelako kide ere bada. Eusle gela deritzon gela honetan bilduko dira ikasle etorri berriak.

Bertan, 5-10 ikasleko talde txikitan, modu sistematikoan komunikazioko oinarrizko hizkuntza lantzen dute. Komunikazio-hizkuntza ikasteko lan intentsibo eta espezifikoa izango da, erabileran oinarritua. Hala, azaldu dutenez, "murgiltze espazio hau espazio irekia da, funtzionamendu malgukoa, eta hizkuntzaren ikaskuntza sustatuko" da bertan.

Ikasle etorri berriak hasierako mailan sartuko dira (A1). Maila horretarako aurreikusitako eduki guztiak landu ondoren, eta komunikazio-trebetasunak ebaluatzeko probak egin ondoren, A2 mailara sartzeko aukera izango du ikasleak.

Ikaslea bere erreferentziazko gelako jardueretan pixkanaka parte hartzen hastea proposatzen du Euslek, betiere oinarrizko komunikazio-trebetasunak eskuratu ondoren;  programaren funtsezko printzipioetako bat da murgiltze-gela erreferentziazko gelarekin partekatzea.

Eusle egitasmoak 24 eta 36 hilabete arteko iraupena izango du normalean. Programak, gainera, berariazko material didaktikoa ere badu, dagoeneko pilotajea egin duten ikastetxeetan erabili eta probatu dena.

Arduradunek azaldu dutenez, pilotaje horietan egiaztatu ahal izan da, A2 mailara modu eraginkorragoan eta bizkorragoan iristeaz gain, Eusle taldeetan ikasketarako giro positiboak eta kohesionatzaileak sortu direla. Ondorioz, kohesio horri esker, "ikasleen artean lasaitasuna eta ziurtasuna somatu da" erreferentziazko gelara jauzi egin dutenean, "zailtasun handirik gabe egin dute bat ikasle hauek euren erreferentziazko taldearekin", azaldu dute programaren bultzatzaileek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea bideoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Hezkuntza