Gizartea -
Erupzio bolkanikoa
Laba itsasora iristeak izan ditzakeen arriskuak: arnasteko zailtasunak eta narritadura azalean eta begietan
Adituak azaldu duenez, 1.000 gradutara dagoen laba itsasoko urarekin kontaktuan sartuz gero, talka termikoa izango da, eta horrek azido klorhidrikoz (HCl) kargatutako ur-lurrunezko zutabeak sortzen ditu.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Involcan Kanarietako Institutu Bolkanologikoak astelehen honetan ohartarazi duenez, laba Tazacorte udalerriko kostaldean itsasora iristeak arnasteko zailtasunak eragin ditzake, batez ere aurretik arnas aparatuko gaitzak dituztenei. Gainera, larruazaleko eta begietako narritadura sor dezakete, gas eta likido azidoak arnastu edo ukituz gero.
Azken berrien arabera, laba une batetik bestera hel daiteke itsasora, eta, horren aurrean, Involcaneko adituek informazio ugari eman dituzte. Horien esanetan, 1.000 gradutara dagoen laba itsasoko urarekin kontaktuan sartuz gero, talka termiko bat gertatzen da, eta horrek azido klorhidrikoz (HCl) kargatutako ur-lurrunezko zutabeak sortzen ditu, itsasoko uretan kloruro asko dagoelako.
Involcanetik zehaztu dutenez, ur-lurrunezko zutabe zurixka horiek beira bolkanikoaren partikula txiki batzuk izan ditzakete, labaren eta itsasoko uraren artean gertatzen den erreakzioaren ondorioz.
Urak eta labak bat egitea arriskutsua izan daiteke inguruetan daudenentzat, baina zutabe hori ez da kono bolkanikoan gertatzen dena bezain energetikoa, adituen hitzetan. Era berean, zonaldean sortzen diren haizeteek zutabe horiek sakabanatzen laguntzen dute.