Gizartea -
La Palmako erupzioa
Sumendiak 46 milioi metro kubiko magma jariatu ditu dagoeneko, Teneguiak 1971n baino gehiago
Nahiz eta konoan leherketak eten, "berriz gerta daitezke, eta bat-batean". Gainera, uhartearen hegoaldean berriro material magmatikoa sartzen ari da.
Agentziak | EITB MEDIA
Duela zortzi egun Cumbre Viejan (La Palma) hasi zen erupzioak arrakala motako sumendietako bilakaera normalarekin jarraitzen du. Adituen arabera, etenaldiak izan ditzake, astelehen honetan pare bat orduz gertatu bezala. Laba eta errautsa botatzeari utzi dio tarte horretan. Hala ere, sumendiak 46,3 milioi metro kubiko laba jariatu ditu dagoeneko, Teneguiak 1971n baino gehiago.
Miguel Angel Morcuende Pevolca batzorde teknikoaren zuzendariak eta Maria Jose Blanco batzorde zientifikoko bozeramaileak prentsaurrekoa eman dute. Prozesuan izango diren egoera aldaketek ez dute inor kezkatu behar, adituen arabera.
Blancok azaldu duenez, pultsu magmatikoak izan dira (desagertzen diren zutabe zuriak dira, eta altuera handia harrapatzen dute).
Bestalde, nahiz eta konoan leherketak eten, "berriz gerta daitezke, eta bat-batean", erantsi du.
Gas kopuruak behera egin du, eta labaren bidean aldaketak izan dira. Era berean, material gutxiago heldu da lurrazalera, Hierroko Tagoro sumendian 2011n gertatu bezala. Lurrikarak hegoalderago errepikatu dira, 3,2 graduko lurrikarak izan baitira Fuencalienten, 8 eta 13 kilometro arteko sakoneran.
Blancoren hitzetan, horrek esan nahi du uhartearen hegoaldean berriro material magmatikoa sartzen ari dela.
Adituaren esanetan, bi kolada aktibo daude: bata abiadura "oso motelean" doa eta bestea bitan zatituta dago. Azken horietako batek Todoqueko mendiarekin tupust egin du, eta, ondorioz, mantsotu egin da, baina azkenean inguratu "eta abiadura handiagoan doanarekin bat egingo du".
Laba Tazacorteko kostaldean itsasoratzea "litekeena da", zehaztu du Blancok. Hala ere, kolada nagusia mantsotu egin da; bestela, goizean bertan iritsiko zen itsasora.
"Ez dakigu helduko den, gaur goizean iritsi behar zela pentsatu genuen atzo. Ibilbidea ez dago argi, droneekin jarraipena egiten diegu, eta baita azterketa termografiko bat ere, laba nolakoa den jakiteko; etengabe jarraitzen ari gara, eta laba biguna denean, itsasora gerturatuko da, baina tenperatura eta likatasuna aldatzen dira", nabarmendu du.
Zentzu horretan, San Borondonen, Marina Altan, Marina Bajan eta La Condesan (Tazacorte) 300 bat pertsona etxean konfinatzeko erabakia neurri "prebentiboa" dela esan du adituak, gasek larruazalari, begiei eta arnas aparatuari kalte egin diezaieketelako.
Sumendiak laba, errautsak eta kea isurtzeari utzi dio goizean (Euskal Herrian 09:30 zirenean), baina handik bi ordu pasatxora (11:45ean), berriz ekin dio bere jardunari. Gainera, aktibitate sismikoa berreskuratu du, eta 16 lurrikara txiki izan dira uhartearen hegoaldean, Fuencaliente iparraldean, Espainiako Institutu Geografikoaren arabera.
Involcan Kanarietako Institutu Bolkanologikoak berretsi duenez, dardara bolkanikoa "ia desagertu da", baita jarduera leherkor estronbolianoa ere. Ez da lehen aldiz gertatu, eta fase berri baten hasiera ekarri ohi du.