Gizartea -

La Palma

Sumendiaren lainoa Euskal Herrira iristea "zaila" dela uste dute adituek

Margarita Martin meteorologoak adierazi du "arrisku eza" ez dela existitzen, baina "oso baldintza meteorologiko berezi eta ezohikoak" beharko liratekeela.

Cumbre Vieja sumendiaren erupzioa. Argazkia: Efe
Cumbre Vieja sumendiaren erupzioa. Argazkia: Efe
Cumbre Vieja sumendiaren erupzioa. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Margarita Martin Aemeteko meteorologoak adierazi du ez dagoela "inolako aukerarik" La Palmako sumendiaren lainoa datozen 48 orduetan Euskal Herrira iristeko, ezta Penintsula Iberikora ere, eta "zaila" omen da hurrengo egunetan ailegatzea.

"Arriskurik eza ez da existitzen", gaineratu du, baina argi utziz sumendiko errautsak eta sufre dioxidoa iristeko "oso baldintza meteorologiko berezi eta ezohikoak" beharko liratekeela.

Martin da Espainiako Meteorologia Agentziak EAEn duen ordezkaria, eta prentsaurrekoa eman du gaur Donostian udazkeneko aurreikuspenak eta udako datu esanguratsuenak emateko.

Adituak jakinarazi du agentziak iragarpenak egiten jarraituko duela 48 orduko epemugarekin, baina ohartaraziz ezin dela epe luzekorik egin, gaur egungo "kutsaduraren barreiatzeari buruzko eredu atmosferikoak oso atzeratuta" daudelako, "duela 30-40 urteko" iragarpen meteorologikoaren pare.

Hala eta guztiz ere, Cumbre Vieja sumendiaren eragina Euskal Herrian nabaritzeko "erupzioak dezente denbora gehiago iraun beharko luke", eta gainera "Cadizko Golkoan eta penintsularen erdigunean presio baxua" beharko litzateke, eta "ez da oso ohikoa" irailaren amaieran.

Baina Cumbre Viejaren erupzioak hilabete bat baino gehiago irauten badu, "edozer gerta liteke, meteorologia asko alda daitekeelako", Martinen arabera.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Sumendiak