Gizartea -
Koronabirusa
Chiviteren ustez "oso hurbil" dago pandemiaren amaiera
Maria Chivite Nafarroako presidentearen ustez, nahiz eta datuak onak izan, kasu kopurua "jaisten jarraitu behar" da eta ez da bistatik galdu behar ZIUen presioa. Halaber, azpimarratu du txertaketan indarrak jartzen jarraitu behar dela, neurriak lasaitzearekin batera.
O.P. | Eitb Media
Nafarroako presidente Maria Chivitek uste du "oso hurbil" dagoela helmuga, muga pandemikotik behera baitago Foru Erkidegoa dagoeneko.
"Birusaren ziurkulazioa oso baxua" den arren, Chivitek nabarmendu du beste erkidego batzuetan are baxuagoa dela eta, beraz, "jaisten" jarraitu behar dela. ZIUtako presioa ere ezin da bistatik galdu bere ustez, "erdi" mailan egon eta "kezka apartekorik" sortzen ez duen arren hobetu beharrekoa da.
Hala azaldu du Osoko bilkuraren aurretik kazetarien aurrean, atzo Osasun Publikoak pandemiaren amaiera iragarri eta horren inguruan galdetu diotenean.
Chivitek aste osoan izaten ari diren kutsatzeen beherakada aipatu du, egunean hogeita hamar kasu baino gutxiago izan baitira, eta horrek agerian uzten du "hain zuzen ere, atalase epidemiko horren azpitik gaudela".
Beheranzko joera hori sendotzeari esker, "neurriak lasaitzen jarraitu daiteke", esan du presidenteak, eta zentzu horretan, kaltetutako sektoreekin eta Osasun Publikoarekin biltzen ari direla adierazi du, urriaren 1etik aurrera neurriak zein modutan arindu daitezkeen erabakitzeko.
Birusaren zirkulazio-maila hain txikia izatearen arrazoiak bi dira, adierazi duenez: "batetik txertaketa-maila, oso handia baita, baina eragiten jarraitu behar dugu, oraindik ere zenbait biztanlek ez dutelako txertoa hartzeko erabakia hartu; eta bestetik maskararen erabilera, eta oraindik ere neurri batean mantendu beharko ditugun distantziak".
Txertaketari dagokionez, esan du biztanle immunodeprimituei eta egoitzetan dauden adineko pertsonei dosi gehigarria inokulatzen jada hasiak direnean, haurren txertaketari buruz har daitezkeen erabakien zain daudela, Pziferren txertoa haurrengan ere emaitza positiboak izaten ari dela jakinarazi ondoren.
Bestalde, duela zenbait astetik Foru Erkidegoa Espainiako Gobernuari txertoen soberakinak itzultzen ari zaio, eta presidenteak uste duenez beste herrialde batzuetara bidaltzen ari dira soberakin horiek.