Gizartea -
Koronabirusa
Bi heriotza berri izan dira Nafarroan eta ospitaleratzeek gora egin dute
Azken bi heriotzekin, bederatzi dira azken astean covid-19agatik hildakoak. 25 positibo zenbatu dituzte, bezperan baino bat gutxiago, baina ospitaleko presioa ez da jaitsi.
O. P. | EITB MEDIA
Bi pertsona hil dira Nafarroan azken egunean covid-19agatik; hala, bederatzi dira azken astean koronabirusagatik hil direnak. Halaber, ez da jaisten ospitalean dauden covid-19 gaixoen kopurua.
Atzo hiru lagun ingresatu zituzten, horietako bat ZIUn. Hala, bezperan baino bat gehiago dira erietxean dauden pertsonak (46), eta horietatik 13 daude ZIUn, bezperan baino bat gehiago.
30 kasuen langatik behera eusten diote beste egun batez Nafarroan, seigarrenez, zehazki. Atzo 25 positibo zenbatu ziren, eta bezperan baino kasu bat gutxiago den arren, duela astebete hautemandako 45 eta duela bi asteko 53 baino gutxiago dira.
Atzo 1854 proba egin ziren eta positibotasun tasa, hirugarren egunez jarraian, % 1,3koa izan zen.
Nafarroako Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera, Arrotxapean hauteman dira kasu gehien: 4. Arantzan, Burgin, Nabaskozen eta Tafallan bina kasu zenbatu dira.