Gizartea -

KORONABIRUSA

Osakidetzak uste du 12 urtetik beherakoentzako txertoa ez dela iritsiko gutxienez bi hilabete barrura arte

Euskadi 12 urtetik gorakoen txertaketaren % 90era iristeko "atarian" dagoela azaldu du Osasun sailburuak. Halaber, Eusko Jaurlaritzak lokaletan sartzeko covid pasaportearen erabilera ez duela arautuko esan du.

Umeak, eskolara bidean. Argazkia: EFE
Umeak, eskolara bidean.
Umeak, eskolara bidean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Pfizerren iragarpena izan du hizpide astearte honetan (txertoa eraginkorra eta segurua da 5 eta 11 urte bitarteko haurrentzat), eta "emaitza onak baieztatu ahal izatea" espero duela esan du, baina prozesuak gutxienez bi hilabete iraun dezakeela gaineratu du.

Ildo horretan, sailburuak Gobernu Kontseiluaren ostean egindako prentsaurrekoan adierazi duenez, talde horren inokulazioa ez da berehalakoa izango; izan ere, aurretik, Osasunaren Mundu Erakundeak eta Sendagaien Europako Agentziak baliozkotu behar dute emaitzak, eta, ondoren, oniritzia eman behar diete Txertaketa Lantaldeak eta Osasun Publikoaren Batzordeak.

Hala, erakunde horiek 5 eta 11 urte bitarteko biztanleei txertoa jartzea baliozkotzen badute – prozesu horrek gutxienez bi hilabete iraun dezake –, Osasun Sailak txertoa jarriko die, eta "beharrezkoa bada", baita 0 eta 5 urte artekoei ere, "baina betiere irizpide zientifikoaren arabera".

Bestalde, Euskadi 12 urtetik gorakoen txertaketaren % 90era iristeko "atarian" dagoela esan du, eta testuinguru horretan, 20 eta 29 urte bitarteko gazteei inokulatuak izateko hitzordua eskatzeko deia egin die, "kolektiborik atzeratuena" direlako.

Txertaketa, hain zuzen ere, pandemiak datozen 15 egunetan izango duen bilakaeran eragina izango duen faktoreetako bat dela esan du; izan ere, balorazio bat egitea aurreikusi dute, egungo "trantsizio alditik" murrizketa gutxiagoko "sendotze fase" batera igarotzeko aukera aztertzeko.

Pandemia beheranzko fasean dagoela, eta ospitaleetako presioa ere "motelago" jaisten ari dela esan du, baina "ez da ahaztu behar ekainean egoera oso ona zela eta birusak ezustekoa eman zuela bosgarren olatuak ekarri zuen delta aldaerarekin", gaineratu du.

Hirugarren dosia egoitzetan

Osasun Sailaren arabera, egoitzetan bizi diren adineko edo dibertsitate funtzionala duten 23.000 pertsonei covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia inokulatzea bi edo hiru asteko epean amaituko da.

Azaldu duenez, hirugarren dosi horrek "antigorputzen kopurua handitzen du eta, beraz, berriro ere babes maila igotzen du" koronabirusaren aurrean.

Arabako Errioxako mahats-bilketaren prebentziozko baheketari eta sasoikako langileen txertaketari dagokionez, azaldu du orain arte egindako 51 PCRek negatibo eman dutela eta Janssenen dosi bakarreko seruma "hamar bat laguni" eman dietela.

Bestalde, Osakidetza pixkanaka aurrez aurreko arreta berreskuratzen ari dela berretsi du, eta datozen asteetan eskaintza eskariarekin "parekatzen" joango dela gaineratu du.

Covid-19aren pasaportea erabiltzea lokaletan sartzeko

Sailburuak adierazi duenez, bere Sailak ez du aurreikusita covid pasaportearen erabilera arautzea establezimenduetara sartzeko, eta horien esku utzi du onartzeko eskubidearen arabera eskatzeko aukera.

Azaldu duenez, pasaportea erabilgarritasun zehatz batekin sortu zen, Europar Batasuneko herrialdeen artean mugikortasun "seguruagoa" ezartzeko, eta bere Sailak ez du mahai gainean hori ez den beste "erabilera baterako berariazko erregulazioa" egingo.

Hil honen erdialdean, Auzitegi Gorenak baimena eman zuen Galiziako aisialdi- eta jatetxe-establezimenduetan covid pasaportea eskatzeko. Galiziako Xuntak abuztuan erabaki zuen neurri hori, eragin handiko eremuetarako, baina erkidego horretako Justizia Auzitegi Nagusiak ez zuen bermatu.

Ondoren, Carolina Darias Osasun ministroak, Gorenak erabakitakoaren arabera, establezimendu publikoetan sartzeko covid pasaportea aurkezteko betebeharra ezin dela orokorrean ezarri esan zuen, kutsatzeko arrisku handia eta denbora jakin baterako duten eremu mugatuetan izan ezik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak