Gizartea -
Makrolitrada
Poliziak mila bat gazteren hitzordua zapuztu eta 500 litro alkohol atzeman ditu Getxon
Gainera, udaltzainek 9 bozgorailu kendu, 14 eta 17 urte arteko lau adingabe identifikatu, bi borrokaldi desegin eta bost taberna salatu dituzte.
Agentziak | EiTB Media
Getxoko Udaltzaingoak 500 litro alkohol baino gehiago atzeman ditu. Mila bat gaztek hitzordua jarri zuten larunbaterako Areeta auzoan, sare sozial ospetsu baten bidez.
Deialdiaren berri izan ondoren, Udaltzaingoak, Ertzaintzaren laguntzarekin, dispositibo bat jarri zuen martxan Areetako toki ezberdinetan, astebururo egin ohi duen bezala, Udalak jakitera eman duenez.
Dispositiboa 17:00etan abiatu zen larunbatean, eta igandeko 08:30ean bukatu.
Lanari esker, udaltzainek 500 litro alkohol baino gehiago atzeman zizkieten gazteei kalean.
Gainera, 9 bozgorailu kendu zizkieten gazte taldeei. Kalean festa egin nahi zuten, Xake-joko plazan eta Ibaigane kalean gehienbat.
Era berean, 14 eta 17 urte arteko lau adingabe identifikatu zituzten, alkohola edateagatik; horietako bat ospitalera eraman behar izan zuten. Gurasoak joan ziren gainerako hiruren bila, udaltzainek abisua eman ondoren.
Gainera, "gazte askoren arteko" bi borrokaldi desegin eta bost taberna salatu zituzten, araudia urratzea egotzita.
Bestalde, gimnasio batean egindako kalteengatik eta bizikleta baten lapurretagatik ikerbidea abiatu du Udaltzaingoak.
Getxoko Udalak "erantzukizun indibidual eta kolektiboa" eskatu ditu eta "oinarrizko osasun neurriak betetzeko beharra" gogorarazi du.