Gizartea -
Sumendiaren erupzioa
La Palman gertatzen ari dena ulertzeko gakoak
Zortzi egunez aktibitate sismiko handia izan ostean, igande honetan sumendi baten erupzioa hasi da Kanarietako La Palma uharteko Cumbre Vieja inguruan; 5.000 pertsona inguru ebakuatu behar izan dituzte.
I. R. | EITB Media
Zer gertatu da La Palman?
Igandean, 15:12 inguruan, Cumbre Vieja sumendia erupzioan sartu da, Cabeza de Vaca inguruan, El Paso udalerrian.
Non lehertu da sumendia?
Joan den astelehenetik alerta egoeran zeuden lau udalerri, eta horietako batetik gertu, El Pason, lehertu da sumendia. Pinudiz betetako gune malkartsua da, Cabeza de Vaca izenarekin ezagutzen dena. Ez dago etxebizitza askorik inguru horretan, eta, horri esker, ez da inor hil. Hala ere, etxeak daude mendi-magalean, eta berehala hustu dituzte, baina laba-isurketen eraginpean daude orain; horietako asko suntsitu dira jada.
Zergatik gertatu da erupzioa?
Kasu guztietan bezala, magmak gora egin, eta azaleratu egin da. Kasu honetan, La Palman gertatutakoa "intrusio magmatikoa" izan da: magmak gora egin du, lurrazaleko harriak hautsi ditu, lurra desegin du eta gasa askatu du. Adituen arabera, horrelako prozesuak askotan ez dira lurrazaleraino iristen; igandekoa, ordea, lurrazaleraino iritsi da.
Salbuespenezkoa al da kasu hau?
Joan Marti (CSIC) Bartzelonako Geozientzietako bulkanismoan adituaren ustez, erupzio "klasiko" baten aurrean gaude, Kanarietan aurretik izan direnen antzekoa; aurrerapen moteleko koladak ditu eta herritarrentzat arrisku txikia dakar. Hala ere, gasek, sufre jarioek eta karbono dioxidoak arazoak eragin ditzaketela ohartarazi du.
Zenbat iraun dezake erupzioak?
Sumendiaren erupzioak "aste batzuk edo hilabete gutxi batzuk" iraun dezake, Nemedio Perez Kanarietako Bulkanologia Institutuko zuzendariaren esanetan.
Iraupena sumendiaren "gordailuan" batu den magma kopuruaren araberakoa izango da. "Hiru edo bost kilometroko sakoneran egon daitekeen poltsa 20 edo 30 kilometroko sakoneran dagoen beste poltsa batekin lotuta dago, eta, beraz, sakonera handienean dagoenaren atzeraelikadurak erupzioa luzatzea eragin dezake", azaldu du.
Halaber, amaiera iragartzeko, erregistratzen diren sufre dioxidoaren isuriak aztertu behar direla esan du. "Lehen egunean 6.000 eta 9.000 tona artean kalkulatu ditugu, arrazoizko kopuru bat, handiagoak ikusi ditugu, baina beheranzko joera hasten denean esan ahalko dugu erupzioa txikitzen doala; 48 ordu sufre-dioxidorik isuri gabe igarotzen direnean, amaitutzat eman dezakegu", adierazi du Perezek.
Nolakoa da sumendia?
Sumendiaren erupzioak bi pitzadura ditu, eta 200 metro inguruko tartea dago batetik bestera; horietan, zortzi aho daude, eta horietatik guztietatik ateratzen da laba, Miguel Angel Morcuende Kanarietako arrisku bolkanikoa prebenitzeko planaren zuzendari teknikoak azaldu duenez.
Erupzioak lurrikarak sortu ditu?
La Palmak 25.000 lurrikara txiki izan ditu azken astean; sumendia lehertu ostean, aldiz, beste 15 lurrikara izan dira, Richter eskalan 2 eta 2,9 gradu artekoak. Hala ere, azken hiru egunetan sismoak indartsuagoak izan dira, eta handiena 3,8 gradukoa izan da. Gehienak uhartean bertan jazo dira, baina itsaspean ere izan dira batzuk.
Biktimarik eragin ditu?
Oraingoz ez du biktimarik izan, baina kalte material ugari eragin ditu, labak, besteak beste, ehunka etxebizitza suntsitu baititu.
Duela zenbat ez du sumendi batek eztanda egiten La Palman?
Azken erupzio hau kontuan hartu gabe, La Palmak, orain arte, beste zazpi erupzio jasan ditu erregistro historikoak daudenetik, Espainiak XV. mendean Kanariak konkistatu zituenetik, hain zuzen ere. Guztiak Cumbre Vieja inguruan izan dira. Azkenak XX. mendean izan ziren: 1949an San Juan sumendian izandako erupzioak 47 egun iraun zuen, eta 1971n Teneguía sumendian izandakoak 24 egun iraun zuen.