Gizartea -
Bilbo
Bilboko Udaltzaingoak botiloi masibo bat desegin du Casilda Iturrizar parkean
ETBk grabatutako irudietan ehunka gazte ikusi daitezke bilduta Bilboko Casilda Iturrizar parkean. Bildutakoen kopurua ikusita, udaltzainek bertatik alde egiteko eskatu zieten.
I. G. | EITB MEDIA
Bilboko udaltzainek hiriko Casilda Iturrizar Parkean esku hartu behar izan dute igande goizaldean, bertan egiten ari ziren botiloi masibo bat desegiteko.
Bilboko Udaleko iturriek jakitera eman dutenez, inguruko bizilagunen abisua jaso ondoren joan ziren udaltzainak parkera, hainbat gazte parkean edaten ari zirela ohartaraziz.
Bildutakoen kopurua ikusita, udaltzainek bertatik alde egiteko eskatu zieten.
Istiluren bat ere izan zen eta udaltzain batek lesio bat izan zuen sorbaldan, aipatutako iturrien arabera.
Goizeko zazpiak aldera ingurua hutsik geratu da, eta garbiketarako taldeak sartu dira parkean eta botiloiaren ondoren geratu diren hondakin guztiak jasotzeko.
Gaur goizaldean gertatutakoaren berri izan ostean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak bere sare sozialetan zabaldutako mezu batean adierazi duenez, "lotsa" sentitzen du "parkean gauean izandako gertakariengatik".