Gizartea -
Koronabirusa
Pertsona bat hil da Nafarroan, positiboak nabarmen jaitsi diren egunean
28 positibo zenbatu dituzte, bezperan baino 22 gutxiago. Gainera, duela astebeteko (48) eta duela bi asteko (111) zifren azpitik mantentzen da.
O.P. | EITB MEDIA
Nafarroako Gobernuak berri eman duenez, pertsona bat hil da azken orduotan koronabirusagatik, asteko hirugarrena.
Halere, behera egin dute hautemandako covid-19 kasuek Nafarroan, atzo 28 baino ez ziren hauetan. Bezperan baino 22 gutxiago dira eta duela astebeteko (48) eta duela bi asteko (111) zifren azpitik eusten die.
1.453 proba egin ziren atzo eta horietatik % 1,9 izan ziren emaitza positiboa eman zutenak.
Cintruenigon, Ziraukin, Zizun Nagusian, Murtxante, San Estrebanen, Urzainkin eta Iruñeako San Jorge auzoan bina kasu hauteman dituzte, gainerako herri eta auzoetan kasu bakarra edo bat ere ez.
Hiru lagun erietxeratu zituzten atzo, horietatik bi ZIUn. Guztira 54 lagun daude Nafarroako ospitaletan (bezperan baino bi gutxiago) eta 15 dira ZIUtako covid gaixoak.
Atzokoan, 1.962 txerto dosi jarri zituzten (guztira 965.191 dira jarritako dosiak) eta 506.793 Nafarrek osatu dute dagoeneko txertaketa.
Foru arau berria indarrean
Nafarroako Gobernuak deseskalatze planarekin aurrera jarraitzen du eta gauerditik aurrera ostalaritzaren, gaueko aisialdiaren eta garraio publikoaren ordutegiak luzatu ditu Foru Arau berri baten bitartez. Halaber, gazte koadrilen lokalak irekitzea posible da dagoeneko eta bertan behera geratuko da kalean gehienez 10 pertsona biltzeko debekua.
Halaber, ostalaritzaren ordutegia 02:00ak arte luzatu dute; lizentzia berezia duten tabernena, 03:00ak arte; eta diskotekena eta gaueko aisialdirako aretoena, 04:30 arte.
Arau berria martxan jarri den gaua lasai joan da eta ez da aparteko istilurik izan.