Gizartea -
Osasuna
Pandemiaren eraginez, 1.900 tumore inguru atzemateke geratu direla kalkulatu du Osakidetzak
Covid-19ak “eragin nabarmena” izan du gaitz horiek diagnostikatzeko baheketetan parte hartzeko deialdietan. Bularreko minbiziaren kasuan, aurreko urteetako gonbidapenen erdia baino ez ziren izapidetu.
Agentziak | EITB MEDIA
Osakidetzak uste du 2020an 1.897 tumore detektatzeari utzi zitzaiola, pandemiak bularreko eta kolon-ondesteko minbizia bahetzeko programak aldatu zituelako. Izan ere, gaitz bakoitzaren xede-populazioaren % 54,4k eta % 39,1ek baino ez zuten deialdirik jaso, eta horrek "epe ertain eta luzeko hilkortasuna handitzea" eragingo du.
Horixe da Epidemiologiako Espainiako Elkartearen XXXIX. Urteroko Bilera dela-eta Osakidetzako eta BioCruceseko Zuzendaritza Nagusiak egindako azterlan baten ondorioetako bat. Horren txostenak eta komunikazioak Gaceta Sanitaria aldizkari espezializatuaren ale berezi batean jaso dira.
Pandemiak "eragin nabarmena" izan zuen baheketa horietan parte hartzeko gonbidapenetan. Besteak beste, bularreko minbiziaren kasuan aurreko urteetako gonbidapenen erdiak baino ez ziren izapidetu, % 54,4, hain zuzen ere. Ikerketaren egileek uste dute 202 tumore detektatzeke gelditu zirela parte-hartze txikiago horren ondorioz.
Kolon-ondesteko minbiziaren kasuan, gonbidapenen % 39,1 baino ez ziren izapidetu, eta, ondorioz, litekeena da 1.695 neoplasia aurreratu detektatu gabe gelditu izana.
Zerbixaren baheketan –2018an ezarri zen eta estaldura osoa lortu zuen 2019an– xede-populazioko emakumeen % 70 gonbidatu zituzten, baina, kasu honetan, ez da zenbatu atzerapen horrek probak egiteko orduan izan zezakeen eragina.
Pandemiak "eragin nabarmena izan du" Euskadin dauden minbiziaren hiru programa horietan, eta horrek "onurak murriztea eta epe ertain eta luzeko hilkortasuna handitzea dakar, gonbidapenak atzeratzen direlako eta parte-hartzea murrizten delako", ohartarazi du ikerketak.
Hala ere, Osakidetzak eragin hori "minimizatu ahal izan duten" neurriak jarri zituela adierazi dute, baina beharrezkoa da "epe ertainean monitorizatzea" hori egiaztatzeko. Hala, hiru baheketetan, lehentasuna eman zitzaien baieztapen diagnostikoko probei, eta "2020ko lehen seihilekoaren amaieran konfinamenduan zehar etendako jarduera guztia berreskuratu ahal izan zen".
Gainera, beste neurri batzuk ere hartu zituzten, hala nola mamografiak "emakume zaurgarrien artean" lehenestea, eta horrek bularreko minbiziaren detekzioaren galera minimizatu zuen.
Kolon-ondesteko baheketaren kasuan, "antolaketa-aldaketak (kitak eta oroitzapen-gutunak bidaltzea)" egin zituzten, eta "kolonoskopiei eta polipektomia osteko jarraipenei lehentasuna emateko protokoloak" zabaldu zituzten. Protokolo horiek Lehen Mailako Arretaren eta Digestioko espezialisten artean adostu zituzten, eta "2020ko irailean pandemiaren aurreko gonbidapenen erritmoa berreskuratzea ahalbidetu zuten".
Zerbixaren baheketan, gonbidapen-protokoloa aldatu zuten, "emakumeek emaginaren kontsultetarako sarbidea hobetzeko, gonbidapenean hitzordurik behar izan gabe".