Gizartea -
Koronabirusa
Nafarroak ostalaritzaren eta gaueko aisialdiaren ordutegiak luzatu ahalko ditu, Auzitegiaren babesa jasota
Foru Gobernuak proposatutako gainerako neurriei ere oniritzia eman die Nafarroako Auzitegi Nagusiak, tartean, gazte lokalak berriz irekitzeari. Bihar sartuko dira indarrean neurriok.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak oniritzia eman dio Nafarroako Gobernuak emandako azken foru arauari, eta hala, ordutegi zabalagoa eduki ahalko dute ostalaritzako establezimenduek eta gaueko aisialdirako lokalek. Egoera epidemiologikoak hobera egin duela eta, hainbat neurri arintzea proposatu zuen Chiviteren gobernuak, baina oinarrizko eskubideak mugatzea zekartzatenez, epaileen babesa eskatu zuen. Neurriak ostiralean sartuko dira indarrean.
Epaileen bermea jasota, garraioaren edukierak handitu, gazteen lonjak berriz zabaldu eta kanpoaldean gehienez 10 pertsona biltzeko muga kendu ahalko du Nafarroako Gobernuak.
Salaren arabera, exekutiboak aurkeztu dizkien datuak kontuan hartuta, "beharrezkoak eta proportzionalak" dira Gobernuak proposatutako murrizketak. Dena dela, gogorarazi du neurriak "denbora mugatu baterako" direla, eta ezin direla "osasun neurriak sine die luzatu". Horren ildoan, honakoa azpimarratu du: "Egoera epidemiologikoak hobera egiten badu, Administrazioak murrizketak moldatu edo bertan behera utzi beharko ditu".
Neurri berriak, ostiraletik aurrera
Hori horrela, gauerditik aurrera, ostalaritzaren ordutegia 02:00etara arte luzatuko dute Nafarroan. Bitartean, lizentzia berezia duten tabernak 03:00etara arte irekiko dituzte, eta diskoteka eta gaueko aisialdiko aretoak 04:30era arte. Hiru kasuetan lokalak husteko tartea ordutegian dago jasota.
Era berean, mahaikideen artean 70 zentimetroko distantzia kenduko dute, baina barran ez kontsumitzeko irizpide orokorra mantentzen da.
Garraioari dagokionez, edukiera % 75era handituko dute, aireztapen egoki bat mantentzeko beharraren garrantzia azpimarratuz.
Gainera, etxabeak edo gazteen lonjak berriro zabaltzea posible izango da, Osasun Departamentuko idazkaritza teknikoaren zein udalaren aurrean ardura adierazpen bat aurkezten baldin badute.