Gizartea -

KORONABIRUSA

Intzidentzia metatua 150 kasutik jaitsi da EAEn, eta birusaren transmisio-egoera moderatua da jada

Euskadin 215 positibo berri atzeman dituzte azken orduetan, bezperan baino 20 gehiago, eta R0 0,83tik 0,86ra igo da. Halere, gaixo kritikoak gutxiago dira.

Hainbat pertsona Bilboko Kale Nagusitik igarotzen. Argazkia: EFE.
Hainbat pertsona Bilboko Kale Nagusitik igarotzen
Hainbat pertsona Bilboko Kale Nagusitik igarotzen. Argazkia: EFE.

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 150 kasutik jaitsi da Euskal Autonomia Erkidegoan; horrenbestez, covid-19aren transmisio-egoera tentsionatua izatetik moderatua izatera igaro da, uztailaren 2tik lehen aldiz.

Egun bakar batean, 155,52tik 147,20ra jaitsi da, 8 puntu galduta, eta uztailaren 31tik etengabe jaitsi da.

Azken asteetako pandemiaren martxa ona hiru lurraldeetan islatzen da; izan ere, guztietan egin du behera adierazle hori, baina Gipuzkoan 150 kasutik gora jarraitzen du, 152,8an. Araban dute egoerarik onena, 118,1 kasurekin, eta Bizkaian 146,7 kasukoa da.

Osasun Sailaren eguneroko buletin epidemiologikoaren arabera, 6.066 proba diagnostiko egin, eta 215 positibo berri atzeman dituzte asteazken honetan. Hortaz, aurreko egunean baino 444 proba gutxiago egin eta 20 positibo gehiago detektatu dituzte. Hala, positiboen tasa % 3tik % 3,5era igo da.

Kutsatze berrietako 131 Bizkaian detektatu dituzte (asteartean baino 29 gehiago), 64 Gipuzkoan (aurreko egunean baino sei gutxiago) eta 18 Araban (bezperan baino bi gutxiago). Horiez gain, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren hiru pertsona kutsatu dira, aurreko eguneko hiru kasuen aurrean.

EAEko ospitaleetan 40 pertsona ospitaleratu zituzten asteazkenean covid-19aren ondorioz, aurreko egunean baino 12 gehiago, eta 166 pertsona daude ospitaleetako gela arruntetan koronabirusarekin, bezperan baino bost gehiago.

Hala ere, zainketa intentsiboetako unitateetan, ZIUetan, 52 gaixo larri daude, aurreko egunean baino bat gutxiago.

Bestalde, intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen duena) 0,70 da Euskadin (0,69 zen asteartean), eta oinarrizko birsorkuntza indizea (kasu positibo bakoitzak zenbat pertsona kutsatzen dituen neurtzen du) 0,86ra igo da (0,83 zen bezperan).

Dagoeneko bost dira koronabirusaren transmisio gune berdean (60 kasu baino gutxiagoko intzidentzia metatua) dauden 5.000 biztanletik gorako udalerriak (asteartean baino bi gehiago): Laudio, Araban; Galdakao, Ortuella eta Trapagaran, Bizkaian; eta Villabona, Gipuzkoan.

Eremu gorrian (400 kasu baino gehiago dituzten udalerrien eremua) udalerri bakarra dago: Lekeitio.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak