Gizartea -
Koronabirusa
Txertoa hartu ez duten Ipar Euskal Herriko osasun langileak, jomugan
Dagoeneko profesional gehienek hartu dute txertoa: % 98,83. CGT sindikatuaren arabera, baina, zenbaki horietan zaharren etxeetako zein klinika pribatuetako langileak falta dira.
EITB Media
Asteazken honetatik aurrera, Ipar Euskal Herriko osasun arloko profesional guztiek covid-19aren kontrako txertoaren lehenengo dosia gutxienez hartuta izan beharko dute. Horri uko egiten diotenek ez dute lanpostua galduko, baina ezingo dute lanik egin, eta, ondorioz, ez dute lansaririk jasoko.
Dagoeneko osasun langile gehienek hartu dute txertoa: % 98,83. Kontuak horrela, zerbitzuak normaltasunez segituko du. Hala ere, CGT sindikatuaren arabera, zenbaki horietan zaharren etxeetako zein klinika pribatuetako langileak falta dira.
Alarma egoera azaroan amaitzekoa da Frantziako Estatuan, eta txertoaren derrigortasunaren kontra dauden osasun langileen itxaropena zen ordurako gauzak aldatzea; hala ere, ez da horrela izango, eta nahitaezkoa izango dute. Horren aurrean, protestak egin dituzte Estatuko hainbat tokitan.
CGT sindikatuak jakinarazi du 100 profesional joan zaizkiola laguntza juridiko eske: "Katastrofikoa eta onartezina da. Gainera, lanpostuen aldetik dagoeneko konplikatua zen egoera are gehiago konplikatuko da. Oheak kenduko dituzte erietxeetan eta zaharren etxeetan". Euskal kostaldeko ospitale sarean gezurtatu egin dute hori, eta Geriatrian egin duten berrantolaketa bat kenduta, zerbitzuak "beti bezala" segituko duela gaineratu dute.