Gizartea -
Jaioberri gutxi
Jaiotza-tasak % 12,5 egin du behera 2021eko lehen hiruhilekoan, EAEn
Hiru lurralde historikoetan izan da beherakada: % 14,7 jaitsi da Bizkaian, 1.612 jaioberrirekin; % 11,6 egin du behera Gipuzkoan, 1.133 jaiotzerekin; eta % 7,7 jaitsi da Araban, 553 jaioberrirekin.
Agentziak | EiTB Media
3.298 haur jaio dira Euskadin, urteko lehen hiru hilabeteetan, 2020ko lehen hiruhilekoan baino % 12,5 gutxiago.
Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) astelehen honetan jakitera eman duenez, beherakada hiru lurralde historikoetan eman da: % 14,7 jaitsi da Bizkaian, 1.612 jaioberrirekin; % 11,6 egin du behera Gipuzkoan, 1.133 jaiotzarekin; eta % 7,7 jaitsi da Araban, 553 jaioberrirekin.
2020ko lehen hiruhilekoko datuekin alderatuta, beherakada batez ere urtarrilean gertatu da, % 18,1 ume gutxiago jaio baitira, otsailean zertxobait arindu da (% 13,7), eta are gehiago martxoan (% 6).
30-34 adin tarteko amen artean jaiotzeak ugariagoak izan ziren, % 36,5, hain zuzen ere. Ondoren, 35-39 adin tarteko emakumeek izan dituzte seme-alaba gehien (% 34,7).
25-29 adin tarteko emakumeek, ordea, haurren % 13,2 soilik izan zituzten.
2020ko lehen hiruhileko datuekin alderatuta, batez ere 40 urtetik gorako amen artean egin dute jaiotzek behera; 406 haurtxo izan zituzten 2020an, eta 323 baino ez aurten.
Jaiotzen % 9,8 izan dira, eta % 10,8 izan ziren 2020an. Hala ere, 25 urtetik beherako amak gainditu zituzten; izan ere, jaioberrien % 5,9 izan zituzten azken horiek.
Haurren % 48,9 ezkontzatik at izan dituzte bikoteek, 2020ko lehen hiruhilekoan (% 44,7) baino gehiago.
1.599 lehenseme edo lehenalaba (% 48,5) jaio ziren urteko lehen hiruhilekoan.
Beste 1.291 haurtxo (% 39,1) dagoeneko seme-alabaren bat zuten familietara heldu ziren, eta % 12,4 hirugarren seme-alabak ziren (edo hortik gorakoak).