Gizartea -

KORONABIRUSA

Osakidetzak aurrez aurreko kontsulta gehiago izango ditu irailean Lehen Arretan

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azpimarratu duenez, "horrek ez du esan nahi pandemiak iraun duen bitartean herritarren osasuna zaintzeko baliagarria izan den zerbait ahaztuko dugunik, telefono bidezko kontsultak kasu".

Gotzone Sagardui Osasun sailburua. Irudia: Irekia
Gotzone Sagardui Osasun sailburua
Sagardui: ''Osakidetzak kontsulta presentzial gehiago berreskuratuko ditu irailean''

1:59

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren arabera, Osakidetzak Lehen Arretan aurrez aurreko kontsulta gehiago izango ditu irailean. "Gaixoek ez ezik, Osakidetzako profesionalek ere eskatzen dute", gaineratu du.

Herri Irratian astelehen honetan egin dioten elkarrizketan Sagarduik azpimarratu duenez, "horrek ez du esan nahi pandemiak iraun duen bitartean herritarren osasuna zaintzeko baliagarria izan den zerbait ahaztuko dugunik, telefono bidezko kontsultak kasu".

Lehen Arretan eskaintzen diren plaza guztiak betetzeko zailtasunak daudela onartu du sailburuak. Hala ere, horren esanetan, Osakidetzak "plaza guztiak eskaintzen jarraitzen du", eta, beraz, "ez da murrizketa kontu bat eta kontratatu nahi ez izatea", "espezialitate horretan disponibilitaterik dagoen" baizik.

Txertaketaren harira, Sagarduik jakinarazi du 12 urtetik gorako pertsonen % 89,1ek lehen dosia duela jada, eta, % 84,7k, berriz, pauta osoa. Hori horrela, aste pare batean xede-populazioaren % 90era iristea espero dute. Txertoa jarri ez dutenei hitzordua eskatzeko deia egin die beste behin sailburuak, "euren eta besteen mesedetan".

Era berean, gogorarazi du joan den astean hasi zirela Euskadin 4.500 gaixo immunodeprimituei hirugarren txertoa jartzen. Halaber, hirugarren dosi hori egoiliarrei eta etxean artatzen dituzten adinekoei emateko aukera aztertuko dela jakinarazi du sailburuak.

Egoera epidemiologikoari dagokionez, azken bi asteetako bilakaera oso ona izan dela azpimarratu du Gotzone Sagardui sailburuak. "Bide onetik goaz, 100.000 biztanleko 60 kasu horiek gero eta gertuago daude, eta, gainera, zainketa intentsiboetako unitateak eta gure ospitaleak egoera hobean daude", adierazi du.

Ildo horretan, bosgarren olatua gainditzen ari garela esan du, eta etorkizunari itxaropenez eta ilusioz begiratu behar zaiola, baina betiere zuhurtziaz.

Bitartean, Iñigo Urkullu lehendakariak LABIren Aholku Batzordearen bilera deitu du ostiralerako, irailaren 17rako. Deialdi hori bat dator pandemiaren bilakaera onarekin, eta indarrean dauden prebentzio-neurriak lasaitzea ekar lezake. Mahai politikoa abuztuaren 30ean bildu zen azkenekoz, eta edukieren murrizketak leuntzea erabaki zuen: % 60 saltokietan eta % 50 ostalaritzan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaiko albisteak Gipuzkoa Araba EAE Gaixotasunak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Zientzia Osasunari buruzko albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizainak azken ordukoa Botikak albisteak Txertoak egutegia Donostia Unibertsitate Ospitalea Arabako Unibertsitate Ospitalea COVIDaren agerraldiak gaur Galdakao-Usansolo Ospitalea azken ordukoa Osasun zentroak gaur