Gizartea -
Istiluak
Pertsona bat atxilotu dute Galdakaoko 'ez jaietan'
Gainera, Ertzaintzak bi talderen arteko borroka bat desegin behar izan du Portugaleteko botiloi batean.
I. G. | EITB MEDIA
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak baieztatu duenez, bart atxilotu bat izan da Galdakaon izandako istiluetan. Portugaleten, berriz, bi talde borrokan hasi dira botiloi batean.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Erkorekak esan du ez dela "istilu larririk" izan bart gauean. Hala ere, onartu du hainbat udalerritan liskarrak egon direla. Galdakaon, Portugaleten, Bilbon, Amurrion, Tolosan eta Plentzian, besteak beste.
Zehaztu duenez, Galdakaon pertsona bat atxilotu dute, eta Portugaleten, berriz, botiloi bat desegin. Azken herri horretan, bi talderen arteko borroka bat ere izan dela eman du jakitera sailburuak. Antza, elkarri botilak jaurti dizkiote.
Bestalde, aurreko urteekin alderatuta uda honetako botiloiak ez direla "oso bestelakoak" izan adierazi du Erkorekak, komunikabideek gertuagotik jarraitu badituzte ere. Azaldu duenez, pandemiak eragindako murrizketen ondorioz, "gizarteak arreta berezia jarri du gauean zehar gertatzen den horretan".