Gizartea -

Koronabirusa

Covid-19aren intzidentzia metatua 200 kasuko mailatik jaitsi da Euskadin

Positibo berriak apur bat jaitsi dira (221) eta R0 0,76an dago. Hala ere, ZIUetako presioak ez du hobekuntzarik eta ostegun honetan gaixo larri bat gehiago dago, 58 guztira.

Jendea kalean. Argazkia: EITB Media.
Jendea kalean
Jendea kalean. Argazkia: EITB Media.

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren intzidentzia metatua 100.000 biztanleko 200 kasuko mailatik jaitsi da Euskadin, ekainetik lehen aldiz. Zehazki, 13,41 puntu jaitsi da, eta 196,57 kasu izan dira, Osasun Sailak pandemiaren bilakaerari buruz emandako azken datuen arabera.

Ostegun honetan 221 positibo berri atzeman dituzte, aurreko egunean baino 13 gutxiago, eta 4.318 proba diagnostiko egin dituzte, bezperan baino 1.338 gutxiago; beraz, kutsatze berrien tasa % 5,1ean dago, asteazkenean baino hamarren bat gehiago.

Positibo guztietatik 28 Araban detektatu dituzte, 124 Bizkaian eta 67 Gipuzkoan. Gainera, Euskaditik kanpo bizi diren bi pertsonak positibo eman dute.

Arabak jarraitzen du izaten intzidentzia txikiena (168,98 kasu), ondoren Gipuzkoak (195,99) eta, azkenik, Bizkaiak (197,21).

ZIUetako presioaren bilakaerak eguneko puntu negatiboa markatzen du, gaixo larri bat gehiago baitago. Hala, Euskadik 58 pertsona larri ditu zainketa intentsiboetan, eta 181 gela arruntetan, aurreko egunean baino 12 gutxiago. Gainera, azken orduetan 27 pertsona ospitaleratu dituzte.

Oinarrizko birsorkuntza-tasa, kasu positibo bakoitzak zenbat pertsona kutsatzen dituen neurtzen du, bi ehunen jaitsi da 0,76ra arte. Lurraldez lurralde aztertuta, R0 indizeak ehunen bat egin du gora Araban (0,77), baina jaitsi egin da Bizkaian (0,75), eta nabarmenago Gipuzkoan (0,79).

Bestalde, intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen du) bi ehunen jaitsi da, 0,68ra arte.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak pandemiaren bilakaera ona azpimarratu du Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, eta bertan iragarri du irailaren 30ean itxiko dituztela intentsitate handiko txertaketa-guneak, 12 urtetik gorako biztanleen % 90 inguru ordurako txertatuta egotea espero baitute.

Bestalde, Bizkaiko zentroen sareko egoitzen erabiltzaile bat hil da astelehenetik, eta beste bederatzi ospitaleratuta daude, irailaren 6an bezala, Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saileko Ikuskaritza eta Kontrol Zerbitzuaren eskura dagoen informazioaren arabera. Hildakoak txertoa jarrita zuen eta patologia larriak zituen aurretik.

Bizkaiko Foru Aldundiak ere agerraldi baten berri eman du Lekitioko Uribarren Abora egoitzan, 17 erabiltzailek positibo eman baitute, guztiak sintomarik gabekoak eta txertoa jaso dutenak. Langile batek ere positibo eman du.

Nafarroan nabarmen egin dute behera kutsatzeek. Atzo egin ziren 1308 diagnosi-probetatik 48k izan zuten emaitza positiboa, % 3,7 zehazki,  Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Bezperan baino 33 kasu gutxiago dira. Horrez gain, duela astebete zenbatutakoak baino 63 gutxiago dira, eta duela 14 eguneko datuekin alderatuta, 39 gutxiago. 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak