Gizartea -
KORONABIRUSA
48 positibo berri zenbatu dituzte Nafarroan, asteko daturik txikiena
Ekainaren amaieratik atzemandako bigarren kutsatze kopuru txikiena ere bada ostegunekoa.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Nafarroan nabarmen egin dute behera kutsatzeek (48), Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Bezperan baino 33 kasu gutxiago dira. Horrez gain, duela astebete zenbatutakoak baino 63 gutxiago dira, eta duela 14 eguneko datuekin alderatuta, 39 gutxiago.
Atzo 1308 diagnosi-proba egin ziren eta horitatik % 3,7 izan ziren positiboak.
Kutsatze gehien pilatzen dituzten gune edo udalerriei dagokienez, Tutera da denen buru, zortzi kasurekin. Iruñeko Arrotxapea auzoan lau zenbatu dituzte, eta Iturenen eta Iruñeko Txantrean, hiruna positibo.
Atzo 4 lagun erietxeratu behar izan zituzten, horietatik 3 ZIUn. Beraz, 67 dira erietxean covid-19agatik dauden pertsonak, horietatik 22 ZIUn. Azken orduetan ez da inor hil koronabirusagatik.
Txertaketari dagokionez, atzo 1885 dosi jarri zituzten, eta 498.230 lagun guztiz txertatuta daude dagoeneko. Guztira 954.886 dosi jarri dira.
Covid-19aren kontrako neurrien arintzea
Nafarroako Gobernuak aldatu egin du covid-19ari aurrea hartzeko berariazko neurriak hartzen dituen 22/2021 Foru Araua egoera epidemiologikoaren bilakaera positiboaren ondorioz, bai eta asistentzia-presioa hobetzearen eta txertaketa-prozesuak aurrera egitearen ondorioz ere.
Arau berria gauerdian sartu eta irailaren 16ra arte (egun hori barne) egongo da indarrean. Neurriak malgutzeko lehen pakete honek bereziki kultur eta kirol jardueren edukierei eragingo die.