Gizartea -
Suizidioa Prebenitzeko Eguna
Alarma-seinaleak identifikatzen jakitea ezinbestekoa da suizidioa prebenitzeko
Bere buruaz beste egitea pentsatzen ari diren pertsona ia gehienek ez diote bizitzeari utzi nahi, sufritzeari baizik. Min psikiko jasanezina desagerraraztea lortzen bada, suizidio-arriskua nabarmen murrizten da.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Gertuko pertsona bat jokabide suizida baten aurreko fasean dagoenean garrantzi handia du alarma-seinaleak identifikatzen jakitea. Suizidioa Prebenitzeko Munduko Egunean, Jon Gartzia Ormaza Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko psikiatra, UPV/EHUko Neurozientzia Saileko irakasle eta Aidatu Suizidologiaren Euskal Elkarteko presidenteordeak bere buruaz beste egiteko arriskuan dauden pertsonei laguntzeko zenbait gako azaldu ditu.
Psikiatraren hitzetan, alarma-seinale horien artean daude hiltzeko nahia edo itxaropenik eza edo bizitzeko motiborik eza adierazten duten hitzezko edo hitzik gabeko edozein komunikazio, bai eta norberaren bizitzarekin amaitzeko metodoen bilaketa ere. "Gaur egun, garrantzi handia du pertsonek Interneten edo sare sozialetan uzten duten arrastoak", nabarmendu du psikiatrak.
Era berean, inguruko pertsonaren bat jokabide suizida baten aurreko fase batean dagoenean, ohikoak izaten dira agurrak edo gai ekonomikoak edo herentziak konpontzeko ezohiko jarrerak. Gartzia Ormazaren ustez, gizartean bakartuta dauden edo harreman gutxi dituzten pertsonen kasuan, zaintzak are eta handiagoa izan behar du.
Naturala ez den lehen heriotza-kausa da suizidioa. Euskadin pertsona bat hiltzen da bi egunean behin (2020an, 184) eta Nafarroan astean behin (2020an, 42). Gainera, Espainiako Estatuan 10 pertsona hiltzen dira egunero arrazoi horrengatik, eta, munduan, urtean 800.000 pertsona, 40 segundoan bat.
Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko psikiatrak adierazi duenez, gure inguruko pertsona batengan suizidio-ideiak edo -planak hautematen badira, pertsona hori konbentzitu behar dugu laguntza profesionala premiaz eskatzeko beharraz.
"Entzun egin behar dugu, epaitu gabe, ulertuta ideia horiek min emozional handi baten ondorio direla", azpimarratu du adituak, eta gogorarazi du bere buruaz beste egiteko ideiak dituzten pertsona gehienek ez diotela bizitzeari utzi nahi, sufritzeari baizik.
Jasanezina izaten den min psikikoa desagerraraztea lortzen bada, suizidio-arriskua nabarmen murrizten da. "Lasai egon behar dugu eta pertsona horri adierazi lagundu egin nahi diogula, baina kritikarik eta balio-iritzirik eman gabe", gaineratu du. Aidatuko presidenteordearen arabera, inoiz ez dira pertsona baten suizidio ideiak minimizatu behar.
Horregatik, laguntzeak berebiziko garrantzia du, Gartzia Ormazaren hitzetan, arriskuan dagoen pertsona aditu batek aztertu arte behintzat.
Alarma-seinalerik detektatzen ez bada eta pertsonaren segurtasuna eta laguntza berma badaitezke, lehen mailako arretako medikuarekin harremanetan jar gaitezke. Baina "segurtasuna ezin bada bermatu eta suizidio planak edo ideiak badaude, pertsona konbentzitu behar dugu osasun mentaleko espezialista batek ahalik eta lasterren azter dezan", gaineratu du.
Larria bada egoera, pertsona horri ospitalera lagundu behar zaio, larrialdietako zerbitzuan azter dezaten. "Arriskuan dagoen pertsonaren ondoan bagaude, haren osotasuna bermatuko dugu", adierazi du.
Horretarako, EHUko irakasleak azpimarratu du Euskadiko hiru lurraldeetako ospitale orokorrek psikiatriako espezialistak dituztela eguneko 24 orduetan. Halaber, jokabide suizidaren eragina, prebalentzia eta eragina murrizteko, Euskadik Suizidioa Prebenitzeko Estrategia propioa duela ere gogorarazi du.